Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusi baten alde.

Jai-guneek, eta hiriak oro har, eremu seguruak izan behar dute emakumeentzat: neskek eta emakumeek gozatzeko aukera izango duten espazioak, bortxakeriarik, arriskurik eta edozein motako eraso sexistarik gabe.

Honako hauek dira gura dugun Aste Nagusiaren ezaugarriak: pertsona denen arteko harremanak errespetuz biziko dena; eta bakoitzaren pluraltasuna, joera eta sexu-desberdintasuna ulertuko dituena. Jakin badakigu asko geratzen dela helburu hori lortzeko, baina, halere, ez dugu beste alde batera begiratu behar emakumeei jaiez erabat gozatzeko askatasuna mugatzen dieten bortxakeria-egoerak gure inguruan ematen direnean.

Titiak edota ipurdia ukitzea, berbaz edo fisikoki jazartzea, ezezko bat ez onartzea, astun bilakatzea, eraso batez barre egitea, eskua sartzea, beldurra eragitea, izutzea, iraintzea, gauza bihurtzea, erasotzailearekin elkarlanean aritzea, erasotzailea eremutik ez botatzea… horiek guztiak bortxakeria sexistaren egoerak dira. Askotan horrelakoak isilarazten dira eta ikusezin mantentzen dira, jaietako zati bat bezala ulertzen direlako. Baina ez dira jaietako osagai bat.

Guztion ardura da horrelakoei amaiera ipintzea, aurrea hartzea eta, jarrera aktibo baten bidez, aurreikustea eta kolektiboki salatzea.

Aurre egiteko tresnak baditugu eta, hala, lehenengo eraso-zantzua nabaritzean, aurre tinko egiteko ere bai. Hartu babesa zure lagunengan, zure kuadrillarengan, konpartsengan.

Fida zaitez zure irizpidearekin. Zer edo zer txarto doala sentitzen baduzu, ekin. Zuk baino ez dakizu zerbait gustukoa duzun, gogaitzen zaituen ala zuretzat eraso bat den.

Ez izan konplize, ez parte hartu erasoan. Ez geratu bazterrean, ez eduki matxo ez izateko beldurra, eta erantzun erasoari. Ez jazarri, ez ikaratu, ez bete adurrez: gure erabakia errespetatu ezazu eta ez egin erasorik.

Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusi baten alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude