Mitologiaz beteko dira Bilboko 2026ko Aratusteak
Aurtengo Bilboko Aratusteak aurkeztu ditu gaur Jai Batzorde Mistoak Bilboko Berreginen Museoan. Lehenik eta behin, aurtengo Farolin eta Zaranbolas aurkeztu ditugu: Imanol Ituiño aztia eta Mertxe Gil Goloka antzerki taldeko antzezlea, hurrenez hurren. Aurtengo Aratusteetarako Udalak eta Bilboko Konpartsek prestatutako egitaraua ere aurkeztu dugu. Mitologia aukeratu dugu aurtengo mozorrorako gai gisa.

Mitologia irudikatzeko erronka botako diete aurtengo Aratusteek bilbotarrei. Halaxe erabaki du Bilboko Jai Batzorde Mistoak eta halaxe jakinarazi dute gaur Bilboko Berreginen Museoan egindako prentsaurrekoan. Gai hori ordezkatzeko, ezin hobeto ezagutzen duten Farolin eta Zaranbolas izango ditugu: Imanol Ituiño de Miguel aztia eta Mertxe Gil Goloka antzerki taldeko antzezlea. Ituiño izango da beraz, Farolin, Aratusteetako bi pertsonaietatik zintzoena, serioena, baina bilbotar harroa, halere. Santutxuarra da Ituiño, hain zuzen, eta horrez gain, ikus-entzunezkoen zalea, eta aztia eta ilusionista ere bada. Zaranbolas, pertsonaia bihurriena, Mertxe Gil Vallejok hezurmamituko du. Bilbotarra da bera ere, antzezlea eta txotxongilolaria, Goloka taldean aritu da 1983tik. Beraiek izan dira, egunez egun, Aratusteetan izango dugun programazioa aurreratu digutenak.
Bilboko Aratusteek aurten ere kaleak hartuko dituzte, eta hiria jai-gune ireki eta parte-hartzaile bihurtuko dute. Otsailaren 7tik 17ra bitartean, programazio zabal eta askotarikoa eskainiko dugu, kultura herrikoia eta aniztasuna erdigunean jarrita.
Hasieratik, eta urtero bezala, Aratusteen izaera kritiko, ironiko eta sortzailea izango da protagonista otsailaren 7an Bilboko Kafe Antzokian, Kopla Txikien lehiaketarekin.
Aratuste Eguenean eta Barikuan, Farolin eta Zaranbolas izango dira protagonistak: maskara trukea, kalejirak, epaiketa eta antzerkia izango dira. Jai-giro alaia izango dugu Bilboko Alde Zaharrean egun horietan.
Aratuste Zapatua izango da jaiaren unerik jendetsuena. Goiz-goizetik, Bilboko kaleak mozorro, erraldoi, fanfarre eta kalejiraz beteko dira. Egun osoan zehar, haur, gazte eta helduentzako jarduerak izango ditugu: jolasak, ikuskizunak, musika-emanaldiak eta beste hainbat ekintza. Abandon egingo diren banakako zein talde-mozorroen lehiaketek protagonismo berezia izango dute: sormena, irudimena eta talde-lana sarituko dira.
Igandean, gastronomiak hartuko du lekukoa, ohiko torrada eta indaba lehiaketekin, giro herrikoi eta parte-hartzailean. Azkenik, Sardinaren Hiletarekin emango diegu amaiera Aratusteei, martitzenean.
Amaitzeko, bilbotarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Gilek eta Ituiñok. Bilboko Konpartsek gogorarazi dute, nolanahi ere, Aratusteak jai libreak direla eta, hortaz, ez dutela lekurik izango mozorro edo jarrera matxistek, arrazistek edo baztertzaileek. Espazio seguru bat sortzeko deia ere egin dugu, mitologiaz jantzitako Aratuste hauek denon artean gozatzeko, kopla txikietatik hasi eta sardinaren erreketara arte.
Gora Bilboko Aratusteak!
2026ko Bilboko Aratusteen programazioa
* ZH zeinuarekin markatutako ekintzetan, Zeinu hizkuntza interpretea izango da
ZAPATUA, OTSAILAK 7
20:15 Kafe Antzokia: Kopla Txikien Txapelketa
22:15 Kafe Antzokia Kontzertua: Goxua´n Salsa
ARATUSTE EGUENA, OTSAILAK 12
18:30 San Nikolas
Maskara zaharren kalejira Bizkaiko Gaiteroekin
19:30 AEK balkoian, Txakur Kalean (ZH)
Farolin eta Zaranbolasi ongietorria, maskara trukea
20:00 – 22:00
Maskara berrien kalejira Kokotean Kolpe fanfarrearekin
ARATUSTE BARIKUA, OTSAILAK 13
17:45 Udaletxean
Farolin, Zaranbolas, Jai Batzorde Mistoa ta konpartsakide batzuk kalejira Sama Siku Fanfarriarekin
18:15 Arriagan
Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta fanfarrea
19:00 – 19:45 Plaza Barriko karpa
Epaiketa Farolin eta Zaranbolasi eta irain publikoa.
20:00 – 20:30 Plaza Barriko karpa
Aratusteetako kopla txikien irabazlearen emanaldia
ARATUSTE ZAPATUA, OTSAILAK 14
12:30 Arriagatik Plaza Biribilera
Farolin eta Zaranbolasekin kalejira Erraldoiekin
13:00 Plaza Biribila (ZH)
Gunearen irekiera eta brindis herrikoia
13:00 Kale Nagusia
Gure Lurreko Merkatua
13:30 Kale Nagusia
Haurrentzako ekintzak
12:00-14:30 Mazarredo – Urkixo
Gargantua
13:00 Kale Nagusia
Azulitoa
13:00 -14.30 Kale Nagusia Berastegirekin
Banakako mozorro lehiaketa
14:00 Plaza Biribila
Pantx Records
16:00 Portuko Markesaren kalea
Kalejira eta aratustetako talde mozorro lehiaketa: izen ematearen irekiera
16:45 Plaza biribileko eszenatokia (ZH)
Banakako mozorro lehiaketaren sari banaketa
17:00 Portuko Markesaren kalea (ZH)
KALEJIRA ETA ARATUSTETAKO MOZORROEN LEHIAKETA
Epaimahaiaren aurreko pasearen hasiera erraldoiekin
17:15 – 20:30 Arenaleko kioskoa
Erromeria: Berriztu
20:30 Plaza Barriko karpa (ZH)
Mozorroen lehiaketako sari-banaketa
ARATUSTE DOMEKA, OTSAILAK 15
10:45 Plaza Barriko karpa
Lehiaketa gastronomikoetarako izen ematearen irekiera
11:00 Plaza Barriko karpa
Torrada lehiaketa (torraden entrega 15 minutu lehenago edo geroago)
12:00 Plaza Barriko karpa
Torraden sari banaketa
12:15 Plaza Barriko karpa
Pontxe banaketa
13:30 Plaza Barriko karpa
Indaba lehiaketa (indaben entrega 15 minutu lehenago edo geroago)
14:30 Plaza Barriko karpa
Indaben lehiaketetako sari banaketa
16:00 Plaza Barriko karpa
Bazkaria jasotzea
ARATUSTE MARTITZENA, OTSAILAK 17
19:00 – 19:30 Plaza Barriko karpa
Sardinen eta kandelen banaketa
19:30 Plaza Barriko karpa
Sardinaren erreketaren hasiera
20:00 Arriaga Plaza
Sardina erretzea

Aurreko Sarrera
Hurrengo Sarrera


