Aste Nagusia Bilboko festa nagusiak dira, urtero abuztuan ospatzen ditugu. Bilboko konpartsak gara 1978an abiatutako festa hauen bultzatzaile historiko nagusiak eta, Bilboko Udalarekin batera, egitaraua antolatzeaz arduratzen gara, beste zenbait talde ere ordezkatuta dauden batzorde misto batean.
Horrez gain, Bilboko Konpartsak Federazioan antolatuta gauden 28 konpartsok txosna gune zabala antolatzen dugu Areatza aldean eta, bertan, ekitaldiz beteriko egitaraua osatzen dugu urtero: lehiaketa gastronomikoa, hiri krosa, konpartsen arteko lehiak, haurrentzako ekitaldiak eta beste hainbat ekitaldi programatzen ditugu. Horiei guztiei konpartsa bakoitzak bere txosnaren inguruan antolatzen duen egitaraua gehitu behar zaio, guztion artean ekitaldiz beteriko egitaraua osatuz, webgune honetan ikusiko duzunez.
Kutsu erlijiosoa eduki ordez, festek eusten diote euren izaera herrikoi eta aldarrikatzaileari, izaera kultural, sozial eta politikoari atxikita. Mari Jaia da Aste Nagusiaren sinbolo nagusia, Mari Puri Herrero margolariak 1978an Jaien Batzordearen eskariz asmatutako pertsonaia. “Badator Mari Jaia” da 1997tik jaietako abesti ofiziala, Edorta Jimenezen hitzak eta Kepa Junkeraren musika moldaketak dituena. Hori bai, Aste Nagusiaren hasiera markatzen du Andra Mari egunak (abuztuaren 15a), horren osteko lehen larunbatean hasten baita urtero.
Urtero batzorde mistoak Aste Nagusiko pregoilaria izendatzen du, botxoan ezaguna edo berarekin lotura handia duen pertsona izan ohi dena. Txupinera, berriz, emakumen konpartsakide bat izaten da beti, eta urte bakoitzean konpartsa batek bere baitan txupinera aukeratzeko txanda zozketaz egokituta aukeratzen da.
Historia luzea eta pasadizuz betea dugu, Bilboko Konpartsena eta Aste Nagusiarena, gauza bera eta historia bera baitira azken finean, atal honetan kontatzen dugun moduan.