Madriles 1910.eko azaroaren 26 jaio zen Madrilen. Horregatik, bere benetako izena Enrique Iglesias bazen ere, guztiek “El Madriles” esaten zioten. Bilbotarrak ez ziren oso originalak izan bere ezizena asmatzeko, baina zinez maite zuten txapela zahar horren azpian zegoen etxegabe hura.
Bere bizitzari buruz ezer gutxi dakigu: Bilbora gerra aurretik iritsi eta lan prekario eta gaizki ordainduetan bizitza bilatzen joan zen. Zurrutari alai honek, bizpahiru txikito edan eta gero haizeari esaten zion maiz Pablo Iglesias Posseren iloba zela. Inork ez daki hori egia ote zen, baina, zalantzarik gabe kontzientziadun gizon honek askatasuna maite zuen eta etxebizitzaren beharraz aberasten zirenak gorroto zituen. Horregatik nazkatu zen kartoiak biltzen irabazten zuen diru apurra pentsio batean gastatzeaz. Egia da esaten duten hori: inork ez ditu etxegabeak kalean bizitzera behartzen, kalean bizirautera bultzatzen dituzte.
Madriles-ek hotzaren eta hezetasunaren aurka borrokatzen zuen gauero Erriberako arkupeen azpian, eta horrek hilzorian utzi zuen pulmonia bat eragin zion behin.






Bilbotarrek bihotz handiak dituzte eta elkartasuna zer den ondo dakite, horregatik kartoiak biltzeko erabiltzen zuen gurditxoa lapurtu ziotenean, Zazpi Kaleetako langile guztiek dirua bildu zuten berri bat erosteko. Madriles-i ez zitzaion inoiz ere falta izan Barrenkaleko taberna batean kafe bat edota txikitoren bat hartzeko txoko bero bat, eta neumonia saiesteko, tabernariek haien tabernetan lo egiten uzten zioten gaurik euritsuenetan. 1983Ko abuztuaren 26ko gau hartan zerua hiriaren gainera isuri zen. Itsasadarrak ezin izan zion gehiago eutsi eta gainezka egin zuen, festak, alaitasuna eta bidean topatzen zuen guztia suntsituz. Uda euritsu hartako gauero bezala, Madrilesek Barrenkaleko taberna batean egiten zuen lo, eta han irentsi zuen lupetzak. Horren ostean Bilbo ez zen sekula lehengora itzuli. Madriles ez zuten uholdeek hil, Madriles etxegabea izateak eta etxebizitzaren beharraz aberasten direnen askonahiak hil zuen. Gaur, atzo bezala, Bilbo hiri borrokalari eta solidarioa dugu. Ongietorriak dira gure hirian beste Madriles asko. Berdin dio milaka kilometrotara jaio bazara, berdin dio nondik zatozen: ez ahaztu inoiz ere bilbotarrok gura dugun tokian jaiotzen garela!

Bere oroitzapena bizirik mantentzeko eta bere izaera askea, menderaezina eta kaskagogorra omentzeko, Bilboko Konpartsek buruhandi bat sortu zuten bere omenez, baita mosaiko eder hau ere, eta modu honetan, Madriles betirako bizi izango da Bilboko alde zaharraren bihotzean.
Entzun azalpenaren audioa:









