2027ko egutegia bilbotarrekin elkarlanean egiteko deialdia

Bilbori buruzko istorioz josi nahi dugu 2027ko egutegia, eta, hori dela eta, herritarrei euren istorio kuttunenak konpartsei bidaltzeko epea zabaldu dugu, ekainaren 30era arte.

Zirgariak, Gargantua, Madriles, 1889ko zigarro lantegiko grebalariak, txikiteroak, Bilboko Aratusteetako pertsonaiak, Zumalakarregi jenerala eta Basauriko 11k izan dira azken urteetako egutegietako protagonistak. Efemerideetatik tiraka sortu ditugu, eta biltzen zituzten egutegiek harrera goxoa izan dutenez, 2027koa ildo beretik baina bilbotarrekin batera egitea erabaki dugu. Gure hiriaren parte diren istorio anonimoak gure herrikideekin elkarbanatu nahi ditugu, gal ez daitezen.

Hori dela eta, galdetegi bat zabaldu dugu ekainaren 30era arte, Bilbon jazotako gertakari xelebreen, nabarmentzeko moduko bilbotarren edota data berezien inguruko kontakizunak jasotzeko. Bilbo hobea sortzen lagundu zuten istorioen bila gabiltza. Formatu aproposa izan daiteke, esate baterako, eskolara joaterik ez zutenak alfabetatzen lagundu zuen norbait omentzeko, edota Internet aurreko garaiko bilbotarren eguneroko ohituraren bat deskribatzeko. Istorioak jaso ostean, hamabi kontakizun aukeratu eta horiekin 2027ko egutegia sortuko dugu.

Oinarriak

Hamazortzi urtetik gorako edozein pertsona fisikok bidal diezazkiguke nahi adina istorio, hainbat baldintza betetzen baditu betiere. Horien artean dago kontatutako istorioak Bilboko udal perimetroaren barruan gertatu izana. Gainera, gertakariok egiazkoak izan beharko dute, eta, ezingo dira adimen artifizialaren bidez egindakoak izan.

Horrez gain, ez da inola ere onartuko kutsu matxista, arrazista, kolonialista zein LGTBIQ+fobikoa duen kontakizunik, edo beste edozein ñabardura zapaltzailerik duenik ere ez.

Galdetegiak aukera emango du, bidalitako istorioez gain, irudi edo ilustrazio bat ere txertatzeko. Aukeratutako kontakizunak irudirik ez badu, Bilboko Konpartsek sortuko dute irudia egutegia ilustratzeko. Bilboko Konpartsek istorioen idazketa aldatzeko eskubidea dute, baina ez esentzia.

Istorioak euskaraz edota gaztelaniaz bidali ahal izango dira, baina 2027ko egutegiaren paperezko edizioa euskara hutsean egingo da.

Iruzkinak itxita daude.