Bilboko Konpartsen 2026ko Aste Nagusiaren balorazioa

Jai aste oro har baketsua eta ezbehar larririk gabekoa bizi izan dugu, baina Ticketbai kanpainaren ezarpenak eraginda. Halaber, GUKAren euskara indartzeko kanpaina eta ikusizunetako teknikarien greba izan dira aurtengo Aste Nagusian.

Aurtengo pregoilaria eta txupinera, Jai Batzordeko kide batekin eta Marijaiarekin.

Aste hau pasata… berriro joan da gure Marijaia, Ainhoa Urrejola txupinerarekin eta Onintza Enbeita pregoilariarekin batera. Agur esan genion bart 2026ko Aste Nagusiari, munduko gure txoko kuttunenari, gure une magikoenari. Hori dela eta, triste gaude, noski, baina baita pozik ere bai; izan ere, Aste Nagusiko balorazio positiboa egiten dugu, eta jaigunean izan dugun giro positiboa nabarmendu nahi dugu.

Kezka gehien sortu ohi duen puntuetakoa erasoen kudeaketa izan ohi da, baina aurtengo edizioa, aurrekoekin alderatuta, oro har lasaia izan da, ezbehar, gatazka edo eraso larririk gabekoa. Poz-pozik gaude ez delako protokoloa aktibatzea eskatzen duen ezbeharrik jazo, eta datozen urteetan horrela mantendu dadin lanean jarraituko dugu. Gainera, azpimarratu nahi dugu, erasoen kudeaketari dagokionez, konpartsen erantzuna oso egokia izan dela, antolatua eta kolektiboa –zaintza txandak, mahai informatiboak…–, eta gatazken aurrean eman diren erantzun goiztiarraren ondorioz, tentsioak ez duela gora egin.

Nabarmendu behar dugu, halaber, eraso guztiak gizonek egindakoak izan direla. Bestalde, azpimarratzekoa da manteroek eta kale saltzaileek pairatu izan duten jazarpen instituzionala.

Ildo horretatik, esker bereziak aitortu nahi dizkiegu LAB sindikatuko bolondresei, manteroen kolektiboari eskaini dioten laguntza eta babesagatik. Aurten, aurreko edizioan baino zuzeneko eraso gutxiago jasan dituzte kale saltzaileek, baina salatu nahi dugu, hala ere, sufritzen jarraitzen dituzten diskriminazio eta biolentzia instituzionalak, eta eurek kriminalizatzeko saiakerak. Bilboko Udalari eskatu nahi diogu egiturazko arazo larri horren aurrean neurriak har ditzala eta ez dezala beste aldera begiratu. 

Halaber, gure ekintzen estaldurak egiten dituzten hedabideei eskatu nahi diegu erantzukizunez, gizatasunez eta gure kulturarekiko errespetuz joka dezatela, informatzea ardura garrantzitsua baita, desinformazioa eta gorroto diskurtsoak gora egiten ari diren jendarte honetan.

Ticketbai kanpainaren ezarpenari dagokionez, barraren kanpoko jendeari eta txandalariei erakutsitako pazientzia eskertu nahi diegu. Konpartsakideei ere eskertu nahi diegu, profesionalak balira bezala, inposizio hau ulertzeko eta harekin lan egiteko egin dituzten hamaika ahalegin; oraindik lana ez dugu bukatu, eta jaigunearen eta txosnen desmuntaketaren ostean jarraitu beharko dugu auzolana oztopatu digun lan burokratikoa.

Antolatutako egitarauarekin eta izan duen harrerarekin ere pozik gaude. Bereziki poztu gaitu ekintza berrian, uretako koltxoneta lasterketan, izan den giro aparta eta jendetsuak. Horrez gain, ekintzetan oro har, iaz baino partaidetza handiagoa izan da, anitza, eta umeentzako ekintzetan –112 ekintza izan dira guztira txikientzat–, parte hartze igoera hori ere nabaritu egin da. Halaber, aurten ez da ekintzarik bertan behera geratu eguraldiak eutsi diolako eta parte hartzeari esker. Lehiaketa gastronomikoari dagokionez, Bilboko Konpartsen lana eta esfortzua goraipatu behar ditugu, zeina euren esfortzuari esker ateratzen den aurrera.

Ikuskizunetako teknikarien greba ere izan da edizio honetako aldarrikapen garrantzitsu bat, eurak baitira aurtengo Aste Nagusiaren eta gainontzeko edizio guztien zutabe ezinbestekoa. Hori dela eta, bandera urdinaren bidez, gure jaietan egiten duten lana aitortu nahi izan dugu, eskatzen dituzten baldintzen hobekuntza babestu dugun bitartean. Ildo horretatik, bandera marroiaren bitartez, salatu nahi izan dugu ez gatozela bat ETSren jokabidearekin; izan ere, Aste Nagusia erabili du bere interesen mesedetan, neurri horiek langileen alde hartu dituela sinestarazi nahian, eta langileen greba-eskubidearen gainetik. Baina guk argi dugu Aste Nagusia herriarena dela eta ezin dela erabili langileen oinarrizko eskubide baten aurka egiteko.

Oso positiboki baloratzen dugu ere GUKAk “Aste Nagusian euskara nagusi” kanpaina abiatzeko egindako lana, jaigunean euskara bultzatzeagatik eta euskaldunontzako gune askeak gurekin batera eraikitzeagatik.

Kaleak hartu eta dantzaz, kolorez eta bihurrikeriaz bete ditugun zortzi eguneko eta bederatzi gaueko aste honek elkarlana, kultura eta komunitateak indartu ditu Bilbon. Horretarako, funtsezkoak izan dira Ainhoa Urrejola txupineraren konpartsakide esperientzia eta Onintza Enbeita pregoilariaren hitzak. Eskerrik asko bihotzez, bikote, astebete luzez Marijaiaren espiritua izateagatik. Badakigu ez dela erreza, baina, zuen ahaleginarekin, amesten dugun mundutik gertuago gaude.

Hortaz, biharamun goxo batek gorputza hartuta agurtu dugu Marijaia, datorren urtera arte. Jaiak herritik eta herriarentzat egiten jarraitzeko indarberrituta sentitzen gara nahi ditugun jaiak lortzeko auzolan erraldoi honen parte garenok. Bide horretan lanean jarraituko dugu.

Gora jai herrikoiak eta gora Marijaia!

Iruzkinak itxita daude.