
2026eko Bilboko Aratusteak otsailaren 7tik 17ra ospatuko dira, adin eta gustu guztietarako proposamenak batuz. Kopla Txikien Lehiaketaren XI. edizioarekin hasiko gara, otsailaren 7an, larunbatean. Aratuste Astean, otsailaren 12an (osteguna) iazko eta aurtengo Farolin eta Zaranbolasen arteko maskara trukea egingo da, eta ondoren Zazpikaleetan barnako kalejiran abiatuko gara denok. Otsailaren 13an, ostiralarekin, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta ondoko epaiketa izango dugu Plaza Barrian, euren eskarnioa girotuko duen ikuskizun itzelarekin. Otsailaren 14ean, larunbata, egun potoloa izango da botxoan, Aratuste Zapatua, egun osoan ekimenez betetako egitarauarekin, eta Mozorro Lehiaketa ekitaldi nagusitzat izango duena. Biharamunean, Torrada eta Indaba lehiaketak izango ditugu Plaza Barrian eta, asteartean, otsailaren 17an, Sardinaren Hiletak amaiera emango die Bilboko Aratusteei.

Egunez egun, hauek izaten dira Bilboko Aratusteen hitzorduak:
- Kopla Txikien Lehiaketa: Aratuste Astearen aurreko zapatuan.
- Aratuste Eguena: Maskara zaharren kalejira, Farolin eta Zaranbolasi ongi etorria eta maskara berrien kalejira.
- Aratuste Barikua: Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa.
- Aratuste Zapatua: Kalejira eta aratustetako mozorro-lehiaketa.
- Aratuste Domeka: Torrada eta indaba lehiaketak Plaza Barrian.
- Aratuste Martitzena: Sardinaren hileta.




