Txosnaganeko martxarako izen-ematea zabalik
Ekainaren 13an izango da XIV. edizioa, ohiko martxa luzearekin eta laburrarekin. Izen ematea ekainaren 11ra arte egongo da zabalik, bikoteka.
Bilboko Konpartsak federazioak Txosnagane mendi-igoeraren XIV. edizioan izena emateko epea zabaldu du. Ekainaren 13an izango da ibilaldi neurtua eta izen-ematea doan eman daiteke bikoteka. 200 bikotek eman ahalko dute izena ekainaren 11ra arte, bilbokokonpartsak.eus webgunean, edo ekainaren 13an bertan martxaren hasiera puntuan, leku guztiak bete arte.
Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu, besteak beste. Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka. Aurten, iaz bezala, ohiko bide bietatik antolatu ditugu martxak, parte-hartzaileek aukeratzeko:
- Lehenengoa, luzea, mendian eskarmentua duen jendearentzat, 19,48 kilometrokoa (854 metroko goranzko desnibela). Goizeko 8:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo da San Adrian auzoko eliza paretik.
- Bigarrena, laburragoa, 14,39 km (446 metroko goranzko desnibela). Parte-hartzaileek 9:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo dira, leku beretik.
Helmuga Atxuriko Enkarnazio plaza izango da, eta auzoko jaiekin bat egingo du. Bertan, mendizaleek aurkituko dituzte indarrak berreskuratzeko eta behar den guztia; han bertan ere izango da parte-hartzaileentzako sari-banaketa, 14:45ean. Bikote irabazlea ez da helmugara arinen heltzen dena izango, baizik eta parte-hartzaile guztien bataz besteko denborara gehien hurbiltzen dena! Aurten, gainera, partehartzaileek opari berritzaile bana eskuratuko dute. Sari banaketaren ostean, paellada herrikoia izango da, Atxuriko Marmita taldearen eskutik.
Aurten, iazko ekimenari jarraiki, edozein motatako eraso salatu ahal izateko, telefono zenbaki bat jarriko da eskuragarri izena emateko esku-orrietan. Partaideek zenbaki horretara deitu ahalko dute martxan eraso bat pairatuz gero, eta Bilboko Konpartsek erasoa kudeatzeko laguntza eskainiko diote.
Igoerarako izen-ematea Bilboko Konpartsen webgunean egin daiteke ekainaren 11ra arte, (edo parte-hartzaile kopurua agortu arte) eta parte-hartzea doakoa da.

Aurreko Sarrera


