2026ko Aste Nagusiaren muntaketa eta programazioa aurkeztu ditugu
Areatza jaigune bihurtzen hasi da. Auzolan ikusgarria da, ehunka konpartsakidek beren 27 txosnak altxatuko dituzte, datorren abuztuaren 22an Marijaiari ongietorria emateko. Jaigunean 622 jarduera egingo dira bederatzi egun eta zortzi gauetan, pertsona guztientzako jai herrikoiak bermatuz.

“Badator Marijaia!”. Bilboko Konpartsetako konpartsakideok Areatza hartu dugu gaur, urteko unerik zirraragarrienetako bati hasiera emateko: gune hau 2026ko Aste Nagusiko jaigune bihurtuko duten txosnen muntaketari.
Ehunka konpartsakide elkarrekin lanean ari dira auzolan honetan, eta, datozen hamar egunetan, Areatza gauzak beste modu batera egiten diren leku bihurtuko dute: leku libre, konprometitu, ireki eta errebeldea, Bilboko Konpartsen jaigunea, Aste Nagusiko jaigunea, Marijaiaren etxea, urte osoa fronte honetan eta beste askotan eta benetako jai herrikoiak eta autogestioa bermatzeko lanean dauden Bilboko kolektibo eta mugimendu sozialek eraikitako lurraldea.
Lehenengo brida jarrita, ofizialki hasiko da Ainhoa Urrejolak Txupinera eta Onintza Enbeitak Pregoilaria Arriagako balkoian Marijaiakin batera ikusteko atzerako kontaketa.
Bilboko Konpartsetatik ere une hori arduraz bizitzeko deia egin nahi dugu, eta txupinazoan irina ez erabiltzeko. Ondoren, Marijaia iritsiko da eta Aste Nagusiko bederatzi egun eta zortzi gau hasiko dira, gustu eta publiko guztietarako antolatutako egitarau batekin. Izan ere, aurtengo programazioak 622 jarduera biltzen ditu, herriak herriarentzat egindako jaien aniztasuna eta gaitasuna islatzen duen zifra: kontzertuak, antzerkia, ikuskizunak, gastronomia, azokak, tailerrak, kirolak, lehiaketak eta era guztietako proposamenak izango dira jaigunean.
622 proposamen publiko guztientzat
Aurten ere, Marijaia txikiek lagunduta iritsiko da. “Konpartsakidetu!” haur programazioak, Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiek dinamizatuta, hainbat jarduera eskainiko ditu, besteak beste, txosna propioa eraikitzeko tailerra, Gastrotxikia, goitibehera jaitsiera eta txotxongiloak egiteko, musika tresnak sortzeko edo arropa serigrafiatzeko tailerrak.
Itsasadarrak ere protagonismo berezia izango du. Piraguei eta waterpolo txapelketari berrikuntza bitxi bat gehitu behar zaie aurten: koltxoneta puzgarrien lasterketa, ostegun arratsaldean egingo dena.
Kirolean, gainera, Aste Nagusian falta ezin diren hitzordu batzuk izango dira, hala nola Hiri Krosa eta Basket 3×3 txapelketa, zeina aurten Arriaga plazara joango den ikusle gehiago hartu ahal izateko. Skate txapelketa eta erakustaldia, xakea hainbat modalitatetan, musa, igel-toka jaurtiketa, Open Magic, Blood Bowl eta Rubiken kubo txapelketak ere egongo dira.
Musika eta kulturarako hogei agertoki
Farandula, dantza, kanta eta jolgorioa gustuko dituzten pertsonentzat, jaiguneak 20 eszenatoki ezberdin izango ditu, eta horietatik artistak, taldeak eta bandak igaroko dira Aste Nagusi osoan zehar. Kontzertuak, txarangak, fanfarreak, DJak eta erromeriak izango dira, eta agertokiak partekatuko dituzte rap tailer eta erakustaldi batekin eta genero horretako artisten eta bertsolarien arteko lankidetza batekin. Kontzertu batzuk aipatzearren, programazioan izango dira Ezezez, Arene 6, Potato, Grafiti, Zaunka, Chulería Joder, Kiliki, Xpresidentex, Akats eta The Cherry Boppers.
Sutegien usainak lagunduko du Areatzako goizetan lehenengo igandetik jaien amaierara arte. Gastronomia Lehiaketak proposamen ugari izango ditu: arroza, buztana, pisto % 100 begetala, tortillak, txipiroiak, marmitakoa edo bakailaoa pil-pil erara.
Programazio osoa ikusteko, animatzen zaituztegu programazio-liburuxkak eskuratzera edota Bilboko Konpartsen webgunean zein app.bilbokokonpartsak.eus estekan aurkituko egitarau eguneratuak kontsultatzera.
Bilboko Konpartsen hurrengo prentsa deialdietarako agenda:
- Abuztuaren 17a. Arriaga plaza. Aste Nagusian euskara nagusi, Bilboko Konpartsek eta GUKAk garatutako dinamika berriaren aurkezpena.
- Abuztuaren 21a. Areatzako kioskoa. Erasoen Kontrako Protokoloaren aurkezpena.
‼️ Gogorarazi nahi dugu Txupinerarekin eta Pregoilariarekin elkarrizketarik nahi izanez gero, abuztuaren 14a baino lehen eskatu behar dela ondorengo e-posta helbidean: bulegoa@bilbokokonpartsak.eus
Laster elkar ikusiko dugulakoan, besarkada bat.
Gora jai herrikoiak! Gora Aste Nagusia! Gora Marijaia!



