Ainhoa Urrejola txupinera eta Onintza Enbeita pregoilaria izango dira 2026ko Aste Nagusiko protagonistak

Gaur aurkeztu ditugu aurtengo Aste Nagusiaren bi ordezkari bereziak: txupinera izango den Kaixo konpartsako Ainhoa Urrejola, eta pregoia emango duen Onintza Enbeita bertsolari muxikarra.

2026ko Txupinera eta Pregoilariaren aurkezpena gaur goizean, udaletxean. BILBOKO KONPARTSAK

Gaur, Aste Nagusirako 16 egun falta direla, aurkeztu ditugu Ainhoa Urrejola Soldevilla eta Onintza Enbeita Maguregi, Bilboko 2026ko Aste Nagusiko txupinera eta pregoilaria, hurrenez hurren, gaur goizean udaletxean prentsaren aurrean egindako agerraldi hunkigarrian. Aurretik izendatuta zeuden arren, gaur estreinatu dira txupinera eta pregoilari lanetan, jantzi ofizial eta guzti.

Ainhoa Urrejola Soldevilla bilbotarra aukeratu dute konpartsek txupinera izateko. Urrejola Xakilixut (gerora Txori Barrote) konpartsan jaio zen 1977an, eta, hainbat konpartsatan ibili ostean, Urrejola Kaixo konpartsara lotu zen orain dela ia 30 urte. Bilbo Zaharrean jaio zen arren, egun Otxarkoagako auzokidea da eta hiru hamarkada daramatza bere bikotearekin eta bi alaba ditu. Gaur egun, eskola jantoki batean egiten du lan, eta bere pasioen artean daude hondartza, mendia, eskulangintza eta irakurtzea. Aste Nagusia itzela da berarentzat; eta horregatik, irrika bizian egoten da Marijaiaren zain.

Duela hilabete batzuk entzun genuen Onintza Enbeita Maguregi muxikar bertsolaria eta kazetariaren ametsetako bat Aste Nagusiko pregoilari izatea zela. Eta bera aukeratu du Bilboko Aste Nagusiko Jai Batzorde Mistoak, jaien irekiera pregoia emateko. Adierazi duenez, berria jaso zuenean, txantxa zela pentsatu zuen lehendabizikoz, eta poz-malkotan onartu zuen eskaintza. Aste Nagusiak badu hori ere: batzuetan, ametsak egi bihurtzen dira.

Enbeita -Balendin Enbeita bertsolariaren biloba bera-, Bizkaiko Bertso Txapelketako lehen emakume irabazlea izan zen 2018an, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldearen parte ere bada. Bertsolaritzaren pizkundeari dagokionez, Bilbo beti izan da garrantzia handiko hiriburua; eta, Onintzaren ustez, Aste Nagusia da jai herrikoirik ederrena.

Prentsaurrekoan, halaber, eskerrak eman dizkiete Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteari, txupineraren eta pregoilariaren jantziak egiteagatik eta baita Aste Nagusiko prestaketetan erakutsi duten inplikazioagatik eta elkarlanagatik ere.

Badator Aste Nagusia!

Iruzkinak itxita daude.