Aste Nagusiko aurtengo Lehiaketa Gastronomikoa aurkeztu dugu

Bilboko Konpartsen Lehiaketa Gastronomikoak Areatza sendotu du Aste Nagusiko herri-sukaldaritzaren topagune nagusi gisa.

Aste Nagusiaren espiritua hain ondo irudikatzen duten tradizio gutxi daude mahai baten inguruan elkartzea baino. Kozinatzea, otordua partekatzea eta kuadrillan zein familian une atseginak bizitzea gure herriaren kulturaren parte dira, eta Bilboko Konpartsen Lehiaketa Gastronomikoak ia mende erdiz balio horiek guztiak islatu ditu, Aste Nagusiko jarduerarik jendetsuenetako bat bihurtuz.

Lehiaketa hutsa izatetik harago, Gastrogunea belaunaldi ezberdinen topagune bihurtu da. Bertan elkartzen dira urtez urte parte hartzen duten sukaldari beteranoak, lehen aldiz izena ematen duten gazteak, familiak, kuadrillak eta egunero Areatzara giroaz gozatzera hurbiltzen diren milaka lagun. Hori da urtez urte Lehiaketa Gastronomikoa bizirik mantentzen duen osagai nagusia.

Filosofia horri eutsiz, Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko 47. Lehiaketa Gastronomikoa aurkeztuko dute. Azken urteetan arrakasta handia izan duen eredua mantenduko da, eta boluntario ugariren lanari zein gastronomia jaiak bizitzeko modu bat dela ulertzen duten pertsonen konpromisoari esker hazten jarraituko du.

Aurten sendotuko den apustuetako bat Arrozen Lehiaketa da. Aste Nagusiko lehen igandean egingo da berriro ere, sailkapen orokorretik kanpo. Aurreko edizioetan izan duen harrera bikainaren ondoren, lehiaketa hau parte-hartzaile berrientzako ate nagusi bihurtu da, bereziki gazteentzat. Kostu txikikoa eta irisgarria den proposamena da, edozein pertsonak edo kuadrillak Areatzan kozinatzeko esperientzia bizi ahal izan dezan, aurretiaz esperientzia handirik izan gabe.

Helburua Lehiaketa Gastronomikoa etengabe berritzen jarraitzea eta haren etorkizuna bermatzea da, belaunaldi berriak Aste Nagusiaren nortasunaren parte den tradizio honetan murgiltzera gonbidatuz. Arrozen Lehiaketan hasten diren askok jaiak beste modu batera bizitzen dituzte, eta gero gainerako lehiaketetan ere parte hartzera animatzen dira.

Azken urteetan ezinbesteko bihurtu diren jarduerak ere mantenduko dira. Gastrotxikik gastronomia txikienei hurbiltzen jarraituko die, jolasean ikasteko tailerren bidez. Era berean, Lurreko Merkatuak berriro ekarriko ditu bertako ekoizleen produktuak Areatzara Aste Nagusiko lehenengo igandean, gure baserrien lana eta tokiko produktuen balioa azpimarratuz.

Aurtengo berritasun nagusia Basque Beer garagardo-dastaketa izango da, Aste Nagusiko lehen astelehenean. Horri esker, Gastroguneko dastaketa-eskaintza handitu eta Euskadin ekoitzitako produktuen sustapenean beste urrats bat emango da.

Lehiaketa Gastronomikoaren egitarauak azken urteetako plater klasikoak mantenduko ditu:

  • Astelehena: Barazki-pistoa
  • Asteartea: Tortilla
  • Asteazkena: Txipiroiak bere tintan
  • Osteguna: Sukalkia
  • Ostirala: Bakailaoa pil-pilean
  • Larunbata: Marmitakoa
  • Igandea: Buztan gisatua

Izen-emateak iaz bezala egingo dira, horretarako prestatutako gunean, behar bezala seinaleztatuta. Bertan banatuko dira, halaber, lapikoak eta lehiatzeko beharrezkoa den material guztia.

Ohiturari eutsiz, tortilla lehiaketaren egunean goizeko lehen orduan izena ematen duten parte-hartzaileek patatak eta arrautzak jasoko dituzte, izakinak agortu arte, babesleen laguntzari esker. Gainera, sari berezienetako bat mantenduko da: tortilla onena prestatzen duenak urte osorako arrautzak irabaziko ditu.

Sariei dagokienez, ohiko sarietako batzuk aurten ez badira ere egongo, Bilboko Konpartsek lankidetza berriak lortu dituzte lehiaketaren erakargarritasuna mantentzeko. Gastronomiari lotutako esperientziak, tokiko merkataritzako opari-txartelak, bertako produktuak eta bestelako sariak izango dira parte-hartzaileen lana aitortzeko.

Lehiaketa Gastronomikoa hamarnaka boluntarioren lanari eta babesleen, ekoizleen, merkatarien eta Bilboko Udalaren laguntzari esker da posible. Ahalegin kolektibo horri esker, Areatza berriro ere Bilboko sukalderik handiena bihurtuko da, eta herri-jaiek ordezkatzen dituzten balioen erakusgarri: parte-hartzea, elkarbizitza eta komunitatea.

Lehiaketari buruzko edota arauei buruzko informazio gehiago izateko, jo orrialde honetara.

Gora jai herrikoiak eta gora Aste Nagusia!

Iruzkinak itxita daude.