Marijaiari gutuna: BMF Toros-en kartelaren aurrean, Bilboko Konpartsen adierazpena

Bilboko Konpartsek gutun ireki bat argitaratu dute gaur Marijaiari zuzenduta, BMF Toros enpresak Aste Nagusiko zezenketak sustatzeko erabiltzen ari den kartela salatzeko. Izan ere, kartel horretan Bilboko jai herrikoien ikur nagusiaren irudia erabiltzen da jarduera pribatu baten publizitatea egiteko, eta, gainera, animalien sufrimendua eta heriotza ikuskizun bihurtzen dituen jarduera bati lotuta. Gutunean, konpartsek aldarrikatzen dute Marijaia Bilboko jai herrikoien ikur nagusia dela, guztiona den ondare sinbolikoa, interes ekonomiko pribatuen zerbitzura jarri ezin dena.
Horrez gain, Bilboko Konpartsek egoeraren berri eman diete publizitate mota hau kokatu ohi den hainbat erakunde eta enpresari ere, hala nola Euskotren, Metro Bilbao, Bilbobus, Bizkaibus eta Bilbao Intermodali, publizitate hori ez erakusteko edo, dagoeneko ikusgai balego, erretiratzeko eskatuz.
Marijaia maitea,
Gutun hau idazten dizugu, zure irudiaren inguruan batzuek egiten duten erabileraren ondorioz kezkatuta gaudelako. Zu, gure Marijaia, guztion Marijaia, Bilboko jai herrikoi, alai eta parte-hartzaileen ikurra zara; emakume errebelde, dantzazale eta askea, guztiona den sinboloa. Hori dela eta, ezin dugu onartu zure irudia gutxi batzuen interes ekonomikoen mesedetan erabiltzea, ezta, are gutxiago, zure irudia erabil dezatela ordezkatzen dituzun balioen aurka egiten duten mezuak eta jarduerak sustatzeko ere.
Asko dira zure irudia helburu merkantilistarekin erabili dutenak, edo behintzat, saiatu direnak. BMF Toros enpresaren kartelak ikusi ditugunean, berriro ere, hasperen egin dugu. Kartel horietan zure irudia eta Arriaga Antzokiko balkoia modu pribatizatzaile eta komertzialean erabili dituzte, zezenen sufrimendua eta heriotza ikuskizun bihurtzen dituen jarduera baten publizitatea egiteko. Berrogei bat zezen izango dira zirikatuak eta modu erabat krudelean erailak, eta zure konplizitatea erabili nahi dute horretarako. Hori gutxi ez, eta guztiona zaren ikur, interes pribatuen zerbitzura jarri nahi zaituzte.
Gainera, kartel horrek zure espiritua desitxuratzen du, eta jai herrikoi eta inklusiboen balioekin bateraezina den mezu bat zabaltzen du. Bilboko sinbolo kolektibo baten irudia bereganatu eta pribatizatzen du, haren izaera herrikoia alde batera utzita. Hori onartezina iruditzen zaigu.
Horregatik, zure alde eta ordezkatzen duzun guztiaren alde, publikoki salatu nahi dugu zure irudiaren erabilera hori, eta kartela berehala kentzea eskatzen dugu. Era berean, kartel hori zabaltzen eta erakusten duten enpresei eta erakundeei haren hedapena eteteko eskatu nahi diegu.
Ez dugu zezenketarik nahi. Ez dugu animalien sufrimenduan oinarritutako ikuskizunen gorazarrerik onartuko. Areago, ez dugu nahi gure jaietako ikur maitatuenetako bat, zu, horrelako jarduerak sustatzeko erabiltzea.
Marijaiak ez ditu zezenketak maite!
Maitasunez eta errespetuz,
Bilboko Konpartsak

Aurreko Sarrera

