“Aste Nagusian euskara nagusi”
Bilboko Konpartsek eta GUKAk garatutako dinamika berria aurkeztu dugu.

Guztiok batera eta inor ere kanpoan utzi gabe gozatuko ditugun jaiak antolatzea da Bilboko Konpartsen helburua. Guztiok elkarrekin eroso dantzatzeko, abesteko, jolasteko, ikasteko… eraikitako Aste Nagusia da gurea. Honek ilusioz eta erantzunkizunez betetzen gaitu, eta hausnarketa askoren ostean argi diogu, bai Euskal Herrian, baita Bilbon ere, guztiontzako den hori, euskaraz da.
Inor ere albo batera ez uzteko konpromisoa hartua dugu, eta honek euskararen aldeko konpromisoa ere badakar berarekin. Guk euskaraz bizi nahi dugu, eta bagara euskaraz bizi nahi dugun milaka bilbotar eta euskal herritar ere. Euskaraz bizi nahi izateak gure egunerokoan pertsona duin, eskubide osodun eta pareko gisa hazteko beharrezko ditugun eremu guztietan euskara era eroso eta aske batean erabili ahal izatea esan nahi du. Eta, horrenbestez, Aste Nagusia eta Aste Nagusiaren bueltan sortzen dena euskaraz gozatzea oso kontu garrantzitsua da euskaldun ororentzat.
Baina, are gehiago, Bilboko Aste Nagusia euskaldunontzako gune segurua izatea, euskararen ekosistema bihurtzea, ezinbestekoa da euskaraz ez dakien eta Bilbon urte luzez bizi den horrentzat, euskaltegiren batean izena emanda dagoenarentzat, atzerritik etorri berri den horrentzat edo bere inguruan hezkuntza ez-formala edota aisialdia erderaz baino ez duenarentzat.
Izan ere, 9 egun hauetan zehar, baina baita aurreko montajean eta Bilboko Konpartsek urtean zehar antolatzen dituzten ekimenetan ere, komunitatea sortu, hedatu eta egonkortu egiten da, harreman berriak sortzen dira eta zaharrek kutsu berria hartzen dute, abesti berriak ezagutzen dira, genero eta artista berriekin. Finean, emozioak elkarbanatzen dira eta amesten dugun gizarte inklusibo, feminista, antiarrazista eta euskalduna sortzen dugu.
Bilboko Konpartsetan kontziente gara horrek esan nahi duen guztiarekin. Badakigu nondik gatozen eta badakigu norantz joan nahi dugun. Hori bera baita garrantzitsuena: bai era kolektiboan, bai maila indibidualean, gaur eguneko errealitateaz kontziente izan eta aurrera egiteko norabide zuzena hautatzea.
Azken urteetan urrats handiak eman ditugu euskarari dagokionez: komunikazio kanalak euskaldunagoak dira, lantaldeetako eta batzordeetako hizkuntza irizpideak berrikusi ditugu, euskarazko programazioa indartu dugu… euskarari presentzia eta lehentasuna eman dizkiogu urratsez urrats.
Orain, pauso bat gehiago ematera goaz. Batetik, jaigunea euskaldunontzako espazio askea izango dela adieraziko dugu. Bestetik, egungo euskararen errealitatearen azterketa zorrotz bat egin dugu, eta egoera horretatik abiatuta konpromiso berriak zehaztu ditugu:
- Montajeetan 20 lagunetik 9k egiten dute euskaraz, eta 20 lagunetik 15ek dakite euskaraz berba egiten. Euskara sustatzeko eta hari eusteko konpromisoa hartu dute hainbat konpartsek. Helburua argia da hemen, euskaraz eroso aritzen den zein kosta egiten zaion horrentzako erabilera sustatzea, pixkanaka gero eta erosoago egiteko.
- Bilboko Konpartsek programatzen dutenaren %54 euskaraz da, eta %16 baino ez da erdara hutsean programatzen. Aurrerantzean, euskararen faktorean ere arreta jartzeko konpromisoa hartu dute konpartsa batzuek, eta erdarazko ohitura duten ekintza batzuk euskaraz egitera pasako dira beste batzuk.
- Txosnetatik jartzen dugun musika aztertzean, aurreikus genezakeen datu kaxkar batez ohartu gara: bafleetatik jartzen den musikaren %27 baino ez da euskaraz. Zentzu horretan, konpartsa bakoitzak bere errealitatetik abiatuta, euskararen kanta kopurua handitzeko kuota berriak adostu ditu: %33, %66, %90 edota %100.
- Kanpo-komunikazioaren %84 euskaraz egiten da. Batzuetan, elebitan egiten diren gauza batzuk euskaraz bakarrik komunikatu daitezke, eta kasu horietan arreta jartzeko konpromisoa hartu dugu.
- Hizkuntza-paisaiari erreparatuz gero, %81 da euskaraz. Mezu elebidun batzuk euskara hutsean izaten hasteko urratsa egingo dute konpartsa batzuek, eta euskararen aldeko mezu esplizituak txertatuko dituzte beste batzuek.
- Eta, bukatzeko, txandalariei dagokienez, %75ak egiten du euskaraz, eta %90k egin ahalko luke euskaraz. Zentzu honetan, arreta euskaraz bermatzeko beharrezkoak diren oinarrizko hitzak eskainiko dira, hiztegiak sortuko dita, eta lehen hitza euskaraz izateko konpromisoa hartu da, euskarari eustearen erronkarekin batera.
Honetaz jakitun, eta aurrera egiteko konpromisoarekin aurtengo kanpaina berria aurkezten dizuegu, Bilboko Konpartsek eta GUKAk elkarlanean sortu duguna: “Aste Nagusian Euskara Nagusi”; euskaldunontzako askea eta segurua izango den Aste Nagusia eraikitzeko urrats bat gehiago. Izan ere, euskarak espazioak behar ditu, euskaraz egiteko aukera librea eskainiko dituztenak. Eta euskarak, hautuak behar ditu, bai indibidualak, bai kolektiboak, egungo egoera aldatzeko konpromisoa hartuko dutenenak.
Baina horretaz gain, euskarak ere eskubideak behar ditu, eta hori hizkuntza-politikak dira, euskaldunoi babesa bermatuko digutenak, uneoro korrontearen kontra ibili behar ez izateko. Jakitun gara Aste Nagusiaren eta, oro har, Bilbo hartzen duten jaien eta espazio festiboen antolakuntzan ez garela eragile ezta instituzio bakarra. Orain gutxi GUKAk aditzera eman zituen, esaterako, udalak eskaintzen dituen aisialdirako helduen tailer, ikuskizun eta ikastaroak, eta euskararen presentzia negargarria da askotan. Aldiz, Bilboko Konpartsek erakutsi dugu posible dela Bilbon euskara nagusi duen aisialdi eredu bat martxan jartzea. Udalaz gain, badaude taberna, jatetxe eta bestelako entitate pribatu ugari. Berriro diogu, arrazoirik ez da falta. Eta beraz, dei egiten diogu interpelatua sentitzen den orori Bilbo euskaldunago batera bidean aurrera pausoak ematera. Inor kanpoan gera ez dadin.
“Aste Nagusian Euskara Nagusi” orain Aste Nagusia denaren eta etorkizunean izatea nahi dugunaren aldeko aldarri bat da. Gozatu dezagun beraz, denok batera.
Gora Aste Nagusi euskalduna!

Aurreko Sarrera

