Aste Nagusirako erasoen kontrako protokoloak aurkeztu ditugu
Eraso sexisten, arrazisten, faxisten, euskarafoboen edo LGTBI fobikoen aurkako erasoen kontrako protokoloak aurkeztu ditugu.
Gaur goizean, Aste Nagusirako egun bat falta dela, agerraldia egin dugu. Hemen eta han gauden Bilboko Konpartsetako kideok hilabeteak daramatzagu lanean: elkartzeko, ikasteko, saretzeko eta aldarrikatzeko. Jai partehartzaileak antolatu ditugu, musikaz eta hainbat ekintza kulturalez gozatu ahal izateko. Jai herrikoiak, biziak, anitzak, euskaldunak eta feministak ditugu helburu.
Gauzak horrela, Bilboko Aste Nagusian errespetua, askatasuna eta berdintasuna sustatu nahi ditugu. Horretarako, guztion laguntza eta babesa ezinbestekoa da.
Urtero, ozen eta argi diogu: gure kaleetan eraso sexistek, arrazistek, faxistek, euskarafoboek edo LGTBI fobikoek lekurik ez dutela. Zoritxarrez, urtero, hitz egin behar izaten dugu Aste Nagusian egindako erasoei buruz.
Askotariko gertakariei aurre egiteko protokoloak ditugu, hainbat eragileren elkarlanaren ondorioz. Helburu nagusia zera da: erasotua entzutea eta babestea. Guztion erantzukizuna da gertatutakoa salatzea. Horretarako, Bilboko Konpartsetako txosnak erreferentzia puntuak izango dira. Erasotu bazaituzte edo erasorik ikusi baduzu, jai-guneko edozein txosnatara hurbildu ahal zara, babesa eta laguntza jasotzera. Bertako arduradunak aurretik landutako harrera enpatikoa egingo du: ez da inor epaituko eta kontakizuna ez da zalantzan jarriko. Lagunduko zaitugu, zurekin egongo gara, leku seguruan… Beharrezkoa izanez gero, beste eragileekin edo erakundeekin (SMUS….) hitz egingo dugu, betiere, erasotuak nahi badu.
Horrez gain, erasotuak artatzeko guardiak egongo dira egunero. Eraso bat pairatuz gero, Bilboko konpartsen erantzuna, goizeko mahai informatiboetan erabakiko dugu; betiere, erasotuaren baimenarekin eta arloko eragileen laguntzarekin. Antolatzen diren deialdi hauetan guztion gaitzespena eta mobilizazioa ezinbestekoak dira. Ezin dugu ezikusiarena egin! Festa ez da aitzakia!
Azpimarratu nahi dugu azken Aste Nagusiotan kalez kaleko saltzaileen egoerak kezkatu egin gaituela. Poliziaren jardunak lortu duena da tentsioa areagotzea: jazarri dituzte, jarrera oldarkorrak izan dituzte, atxilotu dituzte eta materiala konfiskatu diete. Lanean ari diren pertsonak dira, asko egoera latzetan, eta udal politikek ez dute konponbiderik ematen. Kontua ez da egoera hauek ezkutatzea, gizarte justu batek bermatu behar duen gutxienekoa eskatzea baizik: pertsona guztientzako tratu duina.
Guztiok disfrutatuko ditugun jaiak eraikitzen ari gara. Eroso eta aske egon gaitezen. Hau horrela, ezin dugu aipatu gabe utzi gure jaiak euskal hiztunentzako ere espazio libre izatea nahi dugula. Zoritxarrez, jaietan ere euskaldunoi espazioa murriztu digute, pregoilari batek euskaraz egiteagatik jazartu dutenean edota euskaraz zerbitzatzeagatik oldartu direnean. Gure jaietan euskaldunok eroso gozatzeko, Aste Nagusian euskara nagusi!
Horregatik esaten dugu indarrez: Eraso sexistek, arrazistek, faxistek homofoboek, transfoboek, euskarafoboek eta polizia indarkeriak ez daukatela lekurik gure artean!!!
Hiri segurua nahi dugu, baina guztiontzat! Aste Nagusia elkarrekin eraikitzen jarrai dezagun!!! Jarrai dezagun dantza honetan, elkartu gaitezen, goazen jolastera, elkar ezagutzera gozamenetik. Aske maitatu, ospatu eta gora gu!
Horren harira, Bilboko mugimendu feministaren aldarriarekin bat egiten dugu. Atzo Mugimendu feministako kideek aldarrikatu zuten jaiaren parte ere badirela. Espazioa eurena ere bada: jaia antolatu dute, parte hartzen ari dira eta hala egiten jarraituko dute, euretariko asko konpartsakideak dira, dantzariak, abeslariak… Antolakuntza eta autodefentsa feminista eredu dira, are gehiago, gaur egungo oldarraldi erreakzionarioari aurre egiteko. Aste Nagusia feministona ere bada, elkar zaintzera eta gozatzera gatoz!!!
Erasotzaileak eta konplizeak kanpora! Ospa ditzagun errespetuz, alaitasunez eta errebeldiaz!
Gora jai aske eta seguruak!

Aurreko Sarrera

