Bilboko erdigunea kolorez beteko da Aratuste zapatuan

Aratuste Zapaturako, goizetik kalera ateratzeko deia egiten dute Bilboko Konpartsetatik. Euskal Herriko Aratusteetako dantzak, sukalde erraldoia, umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta beste hamaika ekintzek kolorez beteko dute egun osoz Bilboko Erdigunea. Guneen mapa eta eguneko programa zabaldu dute konpartsek. Iazko arrakastaren ondorioz, aurten ere Bilbora hurbilduko dira Euskal Herriko Aratusteetako hainbat dantza tradizional. Bilboko zenbait dantza-taldek hartuko dute parte, Bilboko Konpartsekin elkarlanean, eta gonbidatuko dituzte herritarrak ikusle izateaz gain, dantzari ere izan daitezen. Taldeek Euskal Herriko inauteri tradizional garrantzitsuenak aukeratu eta Bilbora ekarriko dituzte, beren dantza, musika eta pertsonaiak erakusteko asmoz. Emankizuna kalejiran egingo dute, eguerdiko 12:15ean Kafe Antzokitik atera eta Kale Nagusia eta Urkixo Zumarkaleko kantoira heldu arte. Bitartean, hiru gunetan eskainiko dituzte zenbait dantza: Astarloa eta Colon de Larreateguiko kantoian; Ledesma eta Urkixo artean; eta amaiera puntuan, Kale Nagusia eta Urkixo Zumarkaleko kantoian. Bitartean, konpartsakideak azpiegitura-lanez arduratuko dira. Goiza, jardueraz beteta Ohiko programazioari dagokionez, eguerdiko hamabietan hasi eta arratsaldeko 19:30ak arte, Plaza Zirkularretik, Astarloara, handik, Zabalgune Eraikinera, eta Colon de Larreategui hartuta Albiarainoko eremu osoa hartuko du festak. 12:00etan esparrua zabalduko da eta atzera-kontua hasiko da: “hiru, bi, bat…!”, eta Bilboko Urarekin egingo dute topa hara bertaratuko diren bilbotar, konpartsakide eta beste hamaika mila lagunek. Guztiak mozorrotuta, eta festaz gozatzeko asmoarekin. Haurrentzako eta familientzako, Zabalgune Plazan egongo dira goizez Gargantua, egurrezko jolas klasikoak, makillajea, ileapaindegi zoroa, eta hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, sendiek gozatu ahal izango dituzte Irrien Lagunen “Irrien Taupadak!”, Golokaren “Astronauta” eta Panpotxen “Itsasoan” antzezlan eta ikuskizunak. Horrekin batera, Fanfarreak, erraldoiak eta swing musikari klandestinoak nonahi aurkitu ahal izango dira. Bestalde, Plaza Zirkularretik hasi eta Kale Nagusian zabalduko den gune gastronomiko handian umeentzako tailerrak, nekazarien azoka, oilasko errearen, pintxo beganoen eta enparauen dastaketa- eta salmenta-txokoak izango dira arratsaldeko 12:15etik aurrera eta 15:30ak arte. Bizkaiko Gozogintza Alkartasunak prestatutako Karolinoak eta torradak bertan izango dira, dastagai. Eguerdian, Albian, bazkari herrikoia egingo da 15:00etan. Mozorro-lehiaketa, kalejiran Arratsaldeko bostetan hasiko da mozorroen lehiaketako kalejira. Hain zuzen ere, 50 taldetik gora pasako dira kalejiran Aratuste Zapatuko epaimahaiaren aurretik Plaza Biribiletik abiatuta, eta Albiaraino haien mila koloretako mozorroak erakutsiz. Kuadrillek, elkarteek, norbanakoek eta konpartsek izango dute aukera mozorro-lehiaketan parte hartzeko. Iaz legez, kontrol-gune bi izango dira, Mazarredo kaleko alde bietan: Kale Nagusian eta Colon de Larreateguin. Eta arratsaldeko 19:30ean Plaza Biribilean, esparruaren itxiera egingo da 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla abestuta, konpartsek berriki berreskuratu dutena. Ondoren, Botila erraldoiari Kortxoa kenduko diote. Horren ostean, Santiago Plazarainoko kalejira ez-ordenatuan jaitsiko dira Lekittoko Deabruen piroteknia ikusgarriak lagunduta. Zazpi Kaleetan, Bilboko Ura botako duen iturria lehortu arte Farolin eta Zaranbolasekin. Gaueko 21:00etan, mozorro-lehiaketaren sari-banaketa egingo da Plaza Barrian, eta, ondoren, ospatzen jarraituko dute ordu txikitara arte, kontu eginda igandeko indaba-janerako ere lekua egin beharko dutela. On egin eta ondo pasa! Programa xehea Aratuste Zapatua 12:00 Plaza Biribila. Esparrua zabaltzea eta atzera-kontua hastea: “hiru, bi, bat…!”. 12:00 – 14:30 Zabalgune plaza / Plaza Ensanche Gargantua, egurrezko jolas klasikoak, makillajea, ileapaindegi zoroa eta tailerrak. 12:15 Albia IRRIEN LAGUNAK: “Irrien Taupadak!” (Antzerkia). 12:15 Aratustegunea. Fanfarreak, erraldoiak eta swing klandestinoa. 12:15 Done Bikendi. EUSKAL HERRIKO ARATUSTEAK. Done Bikenditik abiatuta; Ibilbidea: Done Bikendi – Ibáñez de Bilbao – Zabalgunea – Colón de Larreategi – Ledesma – Kale Nagusia. 12:15 Plaza Biribila. Tango Tailerra. 12:15 – 15:00 Plaza Biribila. Gune gastronomikoaren irekiera: umeentzako tailerrak, nekazarien azoka, pintxo eta jaki ezberdinen dastaketa eta salmenta… 12:30 Plaza Barriko karpa. Eskoletako Dantzak: BDB Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. 12:30 Zabalgune plaza. GOLOKA: “Astronautak” (Antzerki ibiltaria). 13:00 Zabalgune eraikina. PANPOTX Kultur Elkartea: “Itsasoan”. (Familia ikuskizuna) — euskaraz. 13:00 Astarloa. XATIRO (Kontzertua). + Txosna irekiera. 15:00 Albia. Herri bazkaria. 15:00 Astarloa. SUA (Kontzertua). 16:00 – 16:30 Plaza Biribila. ARATUSTEETAKO KALEJIRA ETA MOZORRO LEHIAKETA: Epaimahaiaren aurreko paserako izena ematea. 16:30 Zabalgune Eraikina. PANPOTX Kultur Elkartea: “En la mar”. (Familia ikuskizuna) — gazteleraz. 16:30 – 19:30 Zabalgune Plaza. Gargantua, egurrezko jolas klasikoak, makillajea, ileapaindegi zoroa eta tailerrak. 17:00 Aratustegunea. Fanfarreak, erraldoiak eta kale animazioa. 17:00 Plaza Biribila. KALEJIRA ETA MOZORROEN LEHIAKETA: Epaimahaiaren aurreko pasearen hasiera. Plaza Biribiletik abiatuta; Ibilbidea: Plaza Biribila – Astarloa (Epaimahaia) – Zabalgunea – Colon de Larreategi – Albia. 17:15 Albia. MUGALARI (Kontzertua). 17:30 – 20:00 Berastegi – Kale Nagusia. “SELFI” Sardinarekin. 18:30 Zabalgune eraikina. PANPOTX Kultur Elkartea: “Itsasoan”. (Familia ikuskizuna) — euskaraz. 19:30 Plaza Biribila. Botilari Kortxoa kentzea eta esparruaren itxiera. 19:30 Plaza Biribila. 7 Kaleetara jaistea. + LEKITTOKO DEABRUAK eta piroteknia. 20:00 Santiago Plaza. Farolin eta Zaranbolasekin Bilboko iturriko ura lehortu arte. + Esparrua zabaltzea eta 7 Kaleak alaitzea. 21:00 Plaza Barriko karpa. Mozorroen lehiaketako sari-banaketa. 21:30 – 00:00 Plaza Barriko karpa. Aratusteetako Dantzaldi Nagusia: PASSARELA ORKESTRA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude