Aste Nagusiaren gaineko tribiala martxan jarri dugu Bilboko Konpartsok

tribial herrikoia

Bihartik eta maiatzaren bukaerara arte, erronka berezia egin diegu herritarrei Bilboko Konpartsok: Aste Nagusian jakintsuak direla frogatzea. “Tribial Herrikoia. Bilboko Konpartsak” jolasean egunero jarduteko aukera izango da, sare sozialetan. Ondo pasatzeaz gainera, jolasa gizarte-ekintzatxotzat jo dugu konpartsok: “krisi larri eta gordin honen barnean, denetariko egoerak daude etxeetan eta honakoa bezalako ekimenek une batez ilusioa berreskuratzeko balio badute, soilik horregatik ere merezi dute egitea”.

Ekimen berri bat abiatuko dugu bihar Bilboko Konpartson federazioak, konfinamendua arintzeko. Aste Nagusiari buruzko galdera-sorta prestatu dugu konpartsakideok, tribial formatuan. Hala, “Tribial Herrikoia. Bilboko Konpartsak” jolasaren lehen edizio honetan egunero egingo dugu galdera bat, Bilboko festa handiaren omenez. Galderak sei ataletan banatuko dira: historia, geografia, denbora-pasa, zientzia eta natura, kirola eta aisialdia, eta arte eta literatura.

Itaunak Instagram, Twitter eta Facebook sare sozialetan egingo ditugu, egunero, 20:30ean, maiatzaren 5a eta 31 bitartean.

Jolas jorren helburuak dira antzinako eta gaur egungo Aste Nagusia gogora ekartzea eta hobeto ezagutzea, ondo pasatzea eta galdera denak ondo erantzuteko erronka, festa-giroak eragiten dituen ilusioa eta alaitasuna piztu eta mantentzearekin batera. Izan ere, konpartsok nabarmendu dugunez “krisi larri eta gordin honen barnean, denetariko egoerak daude etxeetan eta honakoa bezalako ekimenek une batez ilusioa berreskuratzeko balio badute, soilik horregatik ere merezi dute egitea”.

Aurretik, konpartsok Aste Nagusi zalantzagarriaren hasiera-datarako lau hilabete falta zirela gogoratu genuen joan den apirilaren 23an. Orduan, Bilboko sukaldeek, balkoiek eta egongelek hartu zituzten Aste Nagusiari eta Marijaiari egindako milaka kliska txiki, eta ez zen falta Aste Nagusiko pertsonaiaz mozorrotu eta dantzan balkoira atera zena. Sare sozialetan ere, nabarmena izan zen ekimenaren jarraipena, bertan, unean-unean egindakoez gainera, Aste Nagusian bizi izandako une magikoak zabaldu zituzten ehunka pertsonek. Argi geratu zen, beraz, bilbotarrak prest daudela posible izango den momentuan bertan kaleak jai giroz eta kolorez betetzeko.

Azkenik, konpartsok berretsi egin dugu geure maitasuna eta esker ona helarazi diegu osasun-langileei, zahar-etxeetako langileei, elkartasun- eta zaintza-taldeetako kideei, suhiltzaileei, banatzaileei, dendariei, postariei eta ezinbesteko lana egiten dutenei, baita langabezian geratu diren guztiei ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude