“Jaiak bultzatzen!” lelopeko manifestazioaren ostean irakurritako komunikatua

Hilabeteak pasa dira Osasun krisiak Euskal Herria gogor kolpatzen hasi zenetik. Bilbon, Iruñean, Baionan, Basaurin, Ordizian, Gasteizen… eta nonahi, prentsan agertutako kopuruen atzean hamaika kontakizun gogor dago. Bilboko Konpartsok gure elkartasuna helarazi nahi diegu egoera honetan, moduren batean edo bestean, sufritzen ari diren guztiei: ingurukoak galdu, lana galdu, edota lan baldintza kaxkarrak jasan behar izan dituztenei. Egoera gogor horretan, berriz, balore batzuk indartuta atera dira: elkar zaintza, herritarron saretzea eta osasuna eta bizitzak defendatzeko grina.

Baina herritarrok balore horien garrantziaz jabetzen joan garen bitartean, beste batzuek betikoen interes ekonomikoak lehenestu dituzte erabakiak hartzeko orduan, herritarrak alde batera utziz, eta gainera kasu askotan, eztabaidetan parte hartzeko aukerarik ere eman gabe. Zerrenda amaigabea litzateke, eta uda honetan makina bat jai herrikoiren inguruan hartu diren erabakiak ere horren baitan kokatzen ditugu. Bilbon eta beste udal askotan, erabaki horiek modu ez konpartituan eta aldebakarrez hartu dira.

Hala, beste behin ere jai herrikoiak antolatzen ditugun eragileok bigarren planoan utzi gaituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz.

Luzea izango den krisi ekonomikoan ere, herritarrok inoiz baino gehiago beharko dugu jaiek ematen dizkiguten alaitasuna, kolorea eta kolektibotasuna. Eta hori modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta modu jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dugu, denon parte hartzea oinarri hartuta. Baina aldi berean, inoiz baino murrizketa eta oztopo eta debeku gehien aurreikusten ditugu, jai herrikoien aurka. Eta ez gabiltza berba egiten aurtengo jaiez, baizik eta deritzoten normaltasun berrian egitekoak diren datorren jai-urtean.

Horregatik, animatzen ditugu Euskal Herriko jai-batzorde, txosna-batzorde, eta jai-eragile herritar guztiak zerbitzu publikoen eta jai herrikoien alde antola daitezen. Normalitate berrian herritarron eskubideak eta jaien eredu parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko, osasun-krisia ez dadila aitzakia bihurtu gure eskubideak, jaiak eta herritarren partaidetza murrizteko. Orain
arte oztopo guztiei aurre egin badiegu, oraingoan bide beretik segitzea dagokigu. Gaur goizean, Konpartsakide Eguna ospatu beharko genuen egun honetan, berbarako, Aste Nahasia aurkeztu dugu Aste Nagusiko datetarako. Ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea izango da, baina elkar zaintzatik eta modu herrikoian egina, gaur egungo osasun-neurri denak beteko dituena.

Bide horretan, proposamena luzatzen dugu jai-eragile denok batu gaitezen, jai herrikoiek bizi duten egoeraz hausnartu eta datozen urteetara begira ipintzeko.

GORA MARIJAIA! GORA JAI HERRIKOIAK!

 

 

Aste Nahasian antolatuko den guztia ezagutzeko sar zaitez hona:

 

Aste Nahasia

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude