Bilboko Irria kulturaldia aurkeztu dugu konpartsok, abuzturako

Bilboko Konpartsok ezagutzera eman dugu abuztuaren 25tik 29ra arte antolatuko dugun Bilboko Irria kulturaldi herrikoia. Gaur, Bilboko Arriaga plazan, erakutsi dugu ekimenaren ikurra: Bilboko “irribarrerik politena”, azaldu dugunez. Jardunaldi horien helburua da “Bilbori irria berreskuratzen laguntzea, Covid-19ren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean”, konpartsok zehaztu dugun bezala. Bitartean, uztailaren 17an, Konpartsakide Egunean egingo dugun kalejira herrikoian parte hartzera deitzen dizuegu.

Bilboko Konpartsok “Bilbotik eta Bilborako” antolatuko dugun kulturaldi herrikoia izango da Bilboko Irria, gaurko aurkezpenean adierazi dugunez; abuztuaren 25tik 29ra hiribildua kulturaz eta ezustekoz blaituko du kulturaldiak, konpartsakideon ekimenez.

Ekimenak ikur izango du “Bilbok daukan irribarrerik politena”. Izan ere, Nerea Matute eta Arkaitz Peña azaldu dutenez, kultur-programazio herrikoi honen helburu nagusia da “Bilbori irria berreskuratzen laguntzea, Covid-19ren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean”. Konpartsok “elkar-zaintzaren filosofian” oinarritu gara, eta hiritarrei eskainiko dizkiegu “bizitza, kirola, kultura, identitate kolektiboa eta Bilborekiko zein komunitatearekiko konpromisoa, beti ere osasun-neurri denak betez”. Bide horretan, kultura ere eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskaldunaren arabera egin daitekeela erakutsiko dugula agindu du Matutek. Hala, bilbotarrak deitzen ditugu adi egotera, Bilboko Irria kulturaldiaren ekitaldiak “datozen asteotan” iragarriko baititugu, eta horietan izena emateko bideen eta gorde beharreko osasun-neurrien berri emango ditugulako.

Bitartean, uztailaren 17an, Konpartsakide Eguna izango da Areatzan, aurten “Bilboko Irriaren aurretiko topagunea eta beroketa-saioa” izango dena. Datorren astean jakinaraziko dugu egitaraua, baina momentuz konpartsok aurreratu dezakegu kultura eta bizitzaren aldeko kalejira herrikoia izango dela eguneko ekitaldi nagusia, goizeko 12:30ean Areatzatik irtengo dena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude