Konpartsok Bilboko Irriaren lapurreta salatzen dugu

Bilboko konpartsok ebasketa pairatu dugu egunotan. Hala, salatzen dugu desagertu direla abuztuaren 25etik 29ra Bilboko Irria kultur jardunaldiak antolatzeko beharrezkoak diren hainbat bitarteko. Besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko eragileen azoka martxan ipintzeko beharrezkoak direnak faltan bota ditugu konpartsok.

Mari Paati Bilbao konpartsakideak azaldu duenez, “konpartsok inbentarioa egiten gabiltza, lokalean, baina aurretik esan dezakegu balio handiko kontuak ostu dituztela”.

“Itxura denez”, konpartson ustean, “lapurrek irria zuten helburu, Bilboko Irria ebastea. Baiezta dezakegu, ordea, irri-lapur horiek ez dutela lortu gure irria eramatea, ondo gordeta baitaukagu, bilbotar denei eskaintzeko prest”, gaineratu du Bilboko konpartsen kideak. Jakinarazi duenez, kalterik gabe topatu ditugu “Bilboko irribarrerik politena” erakusten duten Bilboko Irriaren panelak eta beste jarduera askoren baliabideak, aparte gordeta baitzeuden.

Konpartsok gertaera horren inguruan lor dezakegun informazio guztia eskainiko dugu datorren abuztuaren 20an. Egun horretan agerraldia egingo dugu, Bilboko Irriaren programaziotik ezabatua izan ez dena aurkezteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude