Kultura herrikoia aldarrikatuko du Bilboko Irria kulturaldiak

Abuztuaren 25etik 29ra hainbat kultura ekitaldi biltzen dituen egitaraua prestatu dugu. Segurtasun eta distantzia neurri guztiak betetzen dituen ekitaldi sorta zabala, denak jende pilaketak ekiditeko pentsatuta dauden ekitaldi ez jendetsuak.

Baina, berez, egitarau herrikoi eta anitz hori aurkezteko behar zuen ekitaldi hau, lapurreta bat salatzekoa bihurtu zaigu nahigabean. Urratsez urrats, apiriletik arduradun teknikoen oniritzia zuten ekitaldiak margo beltzez ezabatzen joan dira arduradun politikoak, eurek aitortuta, “oportunitate irizpideak” osasun irizpide eta irizpide teknikoen gainetik jarrita, eta bezperan balio zuenak ez du balio biharamunean.

Gure webgunean duela egun batzuk argitaratutako egitaraua errepasatuz gero, ikus daiteke iragarritako ekitaldi denak oso formatu txikikoak eta seguruak zirela, horregatik zeuden egitarauan, aurretik, udal teknikarien iritziz zalantzagarri izateko aukera nimiñoena izan zezaketenak kenduta.

Adibidez, atzo alkateak exageratzeko “barrak jarri nahi” genituela esan zuen, baina errealitatea da abuztuaren 3an ez barrak, baizik eta askoz xumeagoak eta seguruak ziren terrazak ere deskartatu zirela, Harro Egunean ez bezala.

Errepikatu eta azpimarratu behar dugu: Ez gara arduragabe batzuk, alkateak irudikatu nahi gaituen moduan, eta osasun-egoeraren bilakaera kontuan hartuz egokitzen joan gara gure proposamena. 

Baina ez dugu onartzen agintekeria eta neurtzeko estandar ezberdinak aplikatzea, gauza batzuk onartu eta beste batzuk galarazteko antolatzailea nor den izatea irizpide bakarra, eta horrela, adibidez, milaka lagun Miribillan edo San Mamesen sartzea edo Bilborock-en kontzertuak baimentzea eta, aldiz, aire librean egitekoa den akustikoa debekatzea. Badirudi konpartsak ez garela ez helduak, ez fidagarriak eta, egiten duguna egiten dugula, ez duela balio, zergatik eta soilik geuk antolatzen dugulako. 

Errealitateak, ordea, konpartsen bestelako irudi batzuk utzi dizkigu pandemian eta historian: konpartsakiderik ez duzu ikusiko aurten botilatzar jendetsuetan arduragabe jokatzen, bai ordea 1983an, uriolek eragindako basatza garbitzen edo 2020an pandemian bazterkeriaren aurkako elkartasun sareetan parte hartzen.

Duela egun batzuk lapurreta egin zigutela salatu genuen, “Bilboko Irria kultur jardunaldiak antolatzeko beharrezkoak diren hainbat bitarteko” ebatsi zigutela esan genuen. Berez, egitarauari kentzen-ezabatzen joandako ekitaldiez ari ginen, eta azken egunotan are hitzordu gehiago ohostu dizkigute. Bilbotarroi lapurtu digutena herritik herriarentzat segurtasunez antolatutako ekitaldi xumeak izan dira, konpartsoi, berriz, lapurtu digutena ez da ezer materiala izan, baizik eta konfidantza eta elkarlana…

Argi utzi nahi dugu: Bilboko Irria ez da jai egitaraua, ezta ez-jai egitaraua ere, ekitaldi-egitarau kulturala baino. Ez da jaietarako garaia, eta konpartsetatik oso argi eduki dugu azken urte eta erdian, ez dugula bultzatuko inor gaixotu daiteen egoerarik. Osasun egoera serioegia da eta DENOI dagokigu arduraz jokatzea. 

Gure ekarpena egin nahi genuen, hala ere, bilbotarren animoak jasotzeko, eta Aste Nagusia ospatu ez arren, data hauek oso seinalatuak direlako guretzat. Horregatik Bilboko jendeei adierazi nahi diegu benetan sentitzen dugula, egun hauetan egin asmo genuena ezin izango dugulako gauzatu, ez digutelako utzi.

Bilboko Irria kultur jardunaldien aurreko egitarua, lapurtu edo ebatsi dizkiguten ekitaldiak barne, begi bistan daukazue.

Saiatu dira gure gogoak, ilusioa zapuzten, ez dute lortu. Saiatu dira Marijaiari irria lapurtzen, ezabatzen. Ez dute lortuko. 

Gora Bilboko Irria!

Gora Marijaia!

Erantzun 1 to “Kultura herrikoia aldarrikatuko du Bilboko Irria kulturaldiak

  • Lana dela eta ez naiz egongo Bilbon datorren astean, baina halere, eskerrik asko basamortu horretan zerbait antolatzeagatik. Egia esanda, atrakzio bakarra turista-multzoak ikustea izan da azken asteotan, Botxon gora eta behera. Espero dut Bilboko Irria hori ondo irtetea eta udal-oztopo gehiago ez izateko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude