Eraso arrazisten aurkako protokoloa aktibatu dugu
“Lo egitea ez da delitua” lelopean, manteroentzat eta kalean lo egiten duten pertsonentzat irtenbide duin bat exijitu nahi diogu Udalari.
Lau egun igaro dira txupina bota genuenetik eta Aste Nagusia aurrera doa. Gaurko gaiarekin hasi baino lehen, konpartsakideen lan eredugarria nabarmendu nahi dugu, txosnagunea espazio segurua izan dadin egiten ari garen lan itzelagatik.
Zoritxarrez, hala ere, eraso eta egoera desegokiak bizi izan ditugu. Horregatik bildu gara gaur hemen. Berriro ere aldarrikatu behar dugu ez dugula inolako erasorik onartuko: ez sexistak, ez arrazistak, eta ez LGTBIfobikoak, esate baterako, Gogorregiko konpartsakide batek jasandako eraso arrazista eta homofoboa. Horrez gain, azken egunetan gertatutako hainbat kontu salatzera etorri gara.
Gaur goizean, eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatzea erabaki dugu. Bi kontu salatu nahi ditugu. Lehenengoa, atzo, pertsona arrazializatu baten kontrako gehiegizko interbentzio poliziala izan zen. Bigarrena zera da, bart gauean, Gas plazan lo egiten ari ziren manteroak bota zituen poliziak, bizilagunen kezka asko jaso zituzten aitzakian.
Dei egin nahi diegu, Bilboko bizilagunei, zehazki, manteroak kalean lo egiten ari zirelako kexatu zirenei. Lo egitea delitua al da? Kale gorrian dauden pertsonek ez al dute lo egiteko eskubiderik? Hori ere ukatuko diegu? Kexatu ziren bizilagun horiei eskatu nahi diegu giza eskubide minimoak eta enpatia kontuan har ditzaten kexatzeko asmoa izango duten hurrengo aldian.
Bestetik, Bilboko Udalari exijitu nahi diogu eraso arrazista horren aurrean erantzukizuna bere gain hartzea.
Bilboko Konpartsok, gure partez, erasoen aurkako protokoloak dioenari jarraituz, gaur gaueko hamabietan kazerolada egingo dugu txosnetan egoera hau salatzeko eta Udalari eskatzeko benetako irtenbideak eta alternatiba duinak eman ditzan, eta egoera konpontzeko tresnak bermatu ditzan, modu horretan, manteroen eta Bilbora heltzen diren pertsona guztien harrera modu egokian kudeatzeko.
Espero dugu, gaur gauean, gure aldarrikapena entzuna izatea eta txosnagunera hurbilduko den jendea horrekin bat egitea, ez baititugu onartuko inolako eraso arrazista, sexista eta LGTBIfobikorik Aste Nagusian.

Aurreko Sarrera
Hurrengo Sarrera




