2013ko Aste Nagusiko balorazioak

2013. urteko Aste Nagusia oso berezia izan dugu, eta oraindik leher eginda bagaude ere, balantzea egiteko ordua heldu da. Esaldi batean laburbildu behar badugu balantzea: Gure helburua ez bazen ere, Bilboko jai ereduaren aldeko defentsan sabaia jo dugula esan dezakegu!

Benetan Bilboko Konpartsetatik Bilbotar, Bizkaitar, Euskal Herritar zein mundu unibertsotik etorritako lagun guztiei bihotz bihotzez eskertzen diegula Aste Nagusiak duen ereduaren aldeko babesa eta bultzada.

Bederatzi egun hauetan jai gunean parte hartzen eta jaiaz gozatzen egon zareten guztiok txupina hasi baino aurreko astean bizi izan dugun eraso eta tentsio une guztiak gainditzen lortu duzuelako.

Beraz: Zorionak!

Eta zorionak zuen babesa parte-hartzean neurtu dezakegulako. Antolatu diren ehunka ekitaldietan berriro ere parte-hartzea igo egin delako. Eta bestetik Marijaiaren soslaia aurpegiz osatzea lortu egin dugulako. Gogoratu Alde Zaharrean dagoen Euskal Museora joango dela guztiz prestatzen dugunean, lasai egon, abisua emango dugu.

Eta parte-hartzea zelan neurtu? Erraza! Txupinetik hasita, Marijaia errekatik suaren artean joaten ikusi arte zenbakiek horrela adierazten dute: Gastronomikoaren parte-hartzeak %20ko igoera izan du. Guretzako hau ezinbesteko neurgailua da. Eta azpimarragarria tortillaren lehiaketan marka guztiak hautsi izatea: 456 tortilla aurkeztuta, hau da 4700 kilo patata eta 4600 arrautzak erabili dira. Edo eta umeen gastronomikoan 300 ume inguru parte-hartuz. Argi dago umeentzako programazioa zabaltzen doala gure ekitaldietan eta berezko pisua hartzen ari dela.

Bestetik Hiri Krosean berriro ere kaleak bete ditugu: 1500 parte-hartzaile lokalizatuta ditugu (beste asko lokalizatu gabe…). Eta honek argi adierazten du kirola eta jaia uztargarriak direla .. batzuentzako … askorentzako sinestezina dirudien arren. (kar kar)

Beste ekitaldi guztietan ere gora egin du parte-hartzeak: Aerobithon, kukaña, xakea, basketa, antzerkia, bazkariak, puzgarriak, Bilbo kantari, bertsolariak … eta zerrenda amaigabe bat.

Gaua aldiz flojitoago ibili da. Nabaria da gure poltsikoen egoera zein den. Horri gehituta kontzertuen aferak ez du ezertxo ere ez lagundu. Eskerrak txosnetako kontzertuek gaua astindu dutela.

Eta amaitzeko, Aste Nagusitik ezabatu beharreko gauzak: eraso matxistekin akabatu behar dugu, ezin dira honelako jarrerak onartu jai gunean (kanpoan bez) eta horren alde lan egiten jarraituko dugu.

Eta beste jarrera bat akabatu behar dena: urtero uda ailegatzean gure jaiek jasotzen dituzten eraso politikoak. Mezu argi bat bidali nahi diegu polemika faltsu eta mediatikoa sortzen duten politikari eta instituzio horiei: zuen gauzetara dedikatu! Korrupzioa amaitu, enplegua sortu… eta beste mila lan dituzue egiteko, baina utzi jaiak bakean! Aurten txupinera eta grabazioen inguruan bizitakoak ez du justifikaziorik. Eta zorionez konpartsekin batera hiritar guztiek defendatu dute Aste Nagusiaren ikonoa. Eta zorionez ere bai Udaletxearen parte batean eta Konpartsetan eskarmentu nahiko egon da egoera bideratzeko.

Eta zelan ez Iraia eta Joneri gure eskerrik beroenak eta musurik goxoena konpartsen aldetik: zuek zarete Aste Nagusiaren ordezkaririk onenak! Zuek zaintzen eta mimatzen saiatu gara, espero dugu lortu izana.

Gora Marijaia!

Gora Aste Nagusia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude