Bilboko Aratusteak, abordatzerako prest!

Ibaizabalgo itsaslapurrez mozorrotuta, Aratusteen egitarau zabala aurkeztu dute gaur Bilboko Jai-batzorde mistoaren kideek, Bilboko Itsas Museoan.

Bertan izan dira Itziar Urtasun Jimeno, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia, eta Bilboko Konpartsetako ordezkariak, besteak beste.

Zapatu honetatik, hilak 18, otsailaren 28ra bitartean, Bilboko Aratusteak ospatuko dira. Jai-batzorde mistoak gaur egin duen agerraldian azaldu duenez, “duela hiru urte abiatu genuen asmo handiko Aratusteen eredua, eta sendotze-bidean dagoen altxorra dugu jada”. Horren froga izan da ekitaldira ekarritako piraten kutxa, “jende askotarikoaren gozamenerako proposamenez beterikoa” gehitu dutenez. Gainera, barruko ekintzetako batzuk nabarmendu dituzte.

Otsailaren 18an, zapatuan, antzinatik berreskuratu eta sendotutako kopla txikien lehiaketa izango da, hain zuzen ere Zabalguneko Eraikinean; ekimen horrekin abiatuko dira aurtengo Aratusteak.

Aurkezpenean, deia egin diete bilbotarrei aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak ere haien etxeetan prestatu ditzaten: Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen ere, eta bariku mehean, otsailaren 24an, mozorro horiek jantzita joan daitezen Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo dieten epaiketara.

Eta Aratuste-zapatuan, otsailaren 25ean, egun osoz kalera ateratzera deitu dute. Izan ere, Aratusteek Bilboko erdigunea hartuko dute bete-betean, egun osoz, zapatuan: festa, besterik ez da izango. Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da, eta, gainera, hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu dute inguru horretako hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa…

Bestalde, agerraldian argi utzi dute ez dutela onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik: “Aratusteetan ere festa aske bizi nahi dugulako, halakoek ez dute lekurik gure itsasontzian! Kaleak, gauak eta jaiak gureak ere badira!”.

Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertu dute. Adierazi dutenez, “jai-giroan murgiltzen gaituen altxor handia lortzeko danon indarrekin egingo dugu arraun. Aratuste-eredu honi heldu genionean, oso argi geneukan bilbotar guztion artean eraiki beharko genuela, eta pozik esan dezakegu gure itsasontzian igo direla jada Bilbo erdialdeko eta Zazpi Kaleetako eragile asko eta asko: tabernari, dendari, auzo-elkarte… Eta nahaste zoro eta koloretsu horretan, tripulatzaile garrantzitsuenak zaratenok gonbidatu nahi zaituztegu gaur: kaleko jende, gazte edo zahar, bilbotar peto edo bisitari, izan bidaiari edo errefuxiatu, danak zarete ongi etorriak, guztion artean Bilboko Aratuste Handiak eraikitzeko”.

Nabarmendu dituzten ekintzez gain, aski ezagunak eta ospetsuak diren bestelako hamaika proposamen aurkeztu dituzte: pontxe- eta torrada-txapelketa; eguen gizeneko Zazpi Kaleetako kontzertuak; bariku meheko eskolen desfilea; neguko giroa eta sabelak epeltzeko sasoi betean dauden bertoko indaben domekako txapelketa; asteleheneko Plaza Barriko familientzako kontzertua; eta martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogun agurra”, aipatu dutenez. Egitarau-liburuxkak doan eskuratu ahal izango dira taberna, udaltoki eta abarretan.

BILBOKO ARATUSTEAK . EGITARAUA EGUNEZ EGUN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude