Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!

Komunikabideen bidez ezagutu ditugun hiru erasoen aurrean, Bilboko Konpartsok erabateko errefusa eta arbuioa adierazi dugu. Era berean, berretsi dugu larriak direla emakumeen askatasuna urratzeko ekintza biolento denak, bai jaien testuinguruan baita bestelako egoeretan ere.

Bilboko Konpartsok babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu erasotutako emakumeei.

Hori bai, oso positiboki baloratu dugu hiru kasuetan emakume horiek haien aurkako erasoak salatzea erabaki izana. Horrek bermatzen du bortxakeria sexista ikusgai jartzea, egunerokotasunean txertatutako zerbait dela, eta hori desagertu arte bide luzea dagoela egiteko.

Zorionez, hiru emakumeek erasotzaileak gerarazi zituzten, ausardiaz eta determinazioz, eta horrek erakusten du emakumeok erasotzaileei aurre egiteko tresnak eta indarra baditugula.

Jaiguneak eta hiria, oro har, emakumeontzako espazio seguruak izan daitezen nahi dugu. Horregatik, aldarrikatzen dugu Aste Nagusia bortxakeriarik gabe eta edozein motako erasotzailerik gabe gozatu ahal izazea. Emakumea izatea ez litzateke arrisku-faktorea izan behar ezta gure aukerak baldintzatu beharko ere.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu erasoekin lotutako mito handi bat dagoela: halakoak kalean gertatzen direla, eta ezezagunengandik datozela, baina Bilboko Konpartsetatik beste zenbaitetan adierazi dugun bezala, oraingoan ere azpimarratu nahi dugu usteak erdiak ustelak direla, eta uste hori ere okerra dela, oso zabaldua gainera. Jakin behar dugu badirela erasoak aipatzen ez direnak, edo ustez arinak izanagatik, ikusezinak direnak. Baina izan, badira. Badira, eta baldintzatzen gaituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude