Eguraldiak ez du umorez eta mozorroz jantzitako Aratustea ilundu

Jai gunea zabaldu genuen berriz Bilboko Jai Batzorde Mistoak Bilboko erdigunean eta, eguraldi eskasari aurre eginda, lagun bilbotar asko hurbildu ziren beren aratusteaz gozatzera eta parte hartzera, tradizio bihurtzen ari den eredu honen eskutik. Zapatuaz gain, hainbat egun eta ekitaldi egon dira bilbotar guztien gustua asetzeko.

Laugarren urtez hartu du Bilbo Aratuste eredu bateratuak. Bederatzi egunetan zehar kaleak mozorroz, kolorez et airriz bete dira herritarren parte hartzea erdigunean jarri nahi duten Aratusteetan. Batzorde mistoak egindako ereduaren aldeko apustua egonkortzen dihoa zalantza bari keta, horren froga ditugu programazioan jaso diren ekimen guztiak, 50etik gora aurtengoan.

Aratusteak berotzen joan ziren kopla txikien soinupean, Bilboko tradizio hau 1515.urtean dokumentatua dago lehenengo aldiz, baina berreskuratu direnetik indartsu gaurkotu dira sasoi honetara. Sarkasmoz, ironia finaz eta kritikaz murgildu ziren bilbotarrak eta, horrela, osteguneko kontzertu herrikoietarako animatu ziren, Kafe Antzokian hasitako musika-giroa Zazpi Kaleetan zabaltzeko.

Eta horrela heldu zen barikua, Farolin eta Zaranbolasen egun handia. Prestu agertu ziren haien atxiloketara Mikel Martínez aktore eta ostalaria, Farolin, eta La Basu Rap Kantaria, Zaranbolas. Atxilotuak izan ostean, antzinako pertsonaiez (Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko) inguratuta fanfarrean hurbildu ziren Plaza Barriraino. Bertan, epaiketa herrikoia jazo zen eta, han ziren hiritarrek parte hartu zuten eta errudun izendatu zituzten.

Urtero bezala, aurten ere gastronomia izan da Aratusteen ildoetako bat. Guztien dastamenerako sasoiko platerak dastatu ditugu jada tradizio diren pontxe eta torrada eta indaba txapelketan. Baina ezin ahaztu gastronomiak Zapatu Erregularrean izan zuen presentzia, Kale Nagusiko gunean ohiko txistorra-pintxo, pintxo begano, berakatz-zopa eta oilasko errea banatzeaz gain, Albiako gunean 500 lagun baino gehiago elkartu ziren aurten lehenengoz herri bazkari jendetsu eta animatuan parte hartzera. Baietz datorren urtean jende gehiago elkartu!

Sabelak beteta, kolorez jantzita eta kopla txikiak oraindik buruan heldu ziren Farolin eta Zaranbolas topa egitera eguerdiko 12etan Plaza Biribilera Zapatu Erregularrari hasiera ematera. Egunetan zehar etenik gabe izandako eguraldi eskasak ez zuen jendea kikildu eta jendeak bete egin zituen Bilboko erdialdeko aratusteguneak. Mozorro kalejiran, konpartsez gain, mozorro indibidualak eta talde mozorro ugari hurbildu ziren haien lana eta koreografiak erakustera, guztira 50 taldek parte-hartu zuten. Bilbotarrek ikuskizunarekin bat egin zuten; Bilboko erdigunea hartu zuen mozorro jai herrikoiak.

Atzera kontua bukatzean eta guneari itxiera emateko, 1985. urteko berreskuratutako lehenengo kopla txiki irabazlea abestu zuten bertan bildu ziren hiritar guztiek, Farolin eta Zaranbolas eta Batzorde Mistoko kideekin batera. Eta lortu zuten, azkenik, urte honetako erronka: botila erraldoiari kortxoa kendu, PlazaBiribila confetti eta liluraz betetzeko. Ondoren, Lekittoko deabruekin batera kalejira desordenatuan denak  jaitsi ziren Zazpi Kaleetara, Santiago Plazan jarritako Bilboko urez beteriko iturria hustera.

Aste zoro honi amaiera emateko, Sardinaren ehorzketan su eta negar anpuluz bete zuten Bilbotarrek Arriaga Plaza. Aurki bilbotarrak beren zereginetara eta egunerokotasunetara itzuliko dira, ahaztu gabe datorren urtean hemen izangoditugula berriz gure aratusteak, nork nahi duena izan eta gozatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude