Larunbatean Konpartsakide Eguna ospatuko dugu!!

Aste Nagusirako gutxi falta dela iragartzen du urtero konpartsen arteko festak. Uztailaren 20an ospatuko dugu, larunbatean, Bilboko Areatzan eta, gaurko agerraldian, bertan izango diren ekitaldiak iragarri ditugu eta Udalak konpartsenak ez diren txosna batzuk Plaza Biribiletik Ripako kaira eramateko duen asmoa salatzeko baliatu dugu gaurko agerraldia.

Aspaldi hasiak gara Aste Nagusirako prestaketa-lanekin Bilboko Konpartsen federazioa osatzen dugun 28 konpartsok, baina, urtero legez, atzerako kontaketari hasiera ofiziosoa ematen dion Konpartsakide Eguna ospatuko dugu larunbatean. Gaur aurkeztu dugu egun horretarako egitaraua, Ripako kaian egindako agerraldian.

Data seinalatua da Konpartsakide Eguna konpartson artean, konpartsakide izatea ospatzen baitugu elkarrekin eta datozen asteotan datorkigun erronkari gogotsu ekiteko indarra hartzeko hitzordu motibagarria dugu.

Konpartsakide eguna konpartsakideak elkartu eta ospatzeko eguna da, baina konpartsok ohi dugun legez, bilbotar guztiontzako hainbat ekimen prestatu ditugu, hori baitago Bilboko Konpartson muinean, gustu guztientzako jai herrikoi eta parte-hartzaileak eraikitzea. Egunean bertan hurbiltzen direnek gozatu ahalko dituztenak, besteak beste, hurrengoak izango dira: txikientzako jolasak, inklusibitate-tailerra, ardo-dastaketa, berbena Lehian taldearen eskutik eta Orkresta elektrotxarangarekin kalejira. Eta nola ez, jada ohitura den bertoko eta sasoiko piper eta tomate-banaketa. Zeregin horretan Hazi Fundazioaren eta Eusko Labelen laguntza eskertzen dugu. Egitarau osoa Bilboko Konpartson webgunean kontsultatu daiteke.

Bestalde, gaurko agerraldian konpartsok oraintsu jakin dugun Bilboko Udalaren maniobra kezkagarria salatu dugu gaurko agerraldian, Udalak konpartsetakoak ez diren zenbait txosna Ripako kaira ekartzea erabaki duela jakin baitugu berriki.
Bilboko Konpartson Federazioan, denetariko jatorri, osaketa, interes-arlo eta helburuak ditugun taldeak  biltzen gara, eta elkarrekin lan egiteko prest gaude eta lan hori egitea eskatzen diogu elkarri, urte osoan, Aste Nagusia eta beste hainbat hitzordu antolatzen, ahalegin eta dedikazio handiarekin. Lan boluntarioa eta doakotasuna dira Bilboko Konpartsok jaietan egiten dugun lanaren ezaugarri eta helburuak.
Ripako kaia Aste Nagusiko jai gunearen parte da, eta bertan hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, bai konpartsok eta baita Jai Batzorde Mistoak bere osotasunean, eta bestelako eragileek ere. Jaiaren prestaketa Batzorde Mistotik egiten da eta  Batzorde horretan Udalbatzaren ordezkariek eta Bilboko Konpartsok parte hartzen dugu eta bertan eztabaidatu eta hartu ohi dira Aste Nagusiari buruzko erabakiak.

Orain, Areatzan zabaldu berri den luxuzko hotel bati mesede egiteko aitzakiarekin, Areatzako berbena Plaza Biribilera igo eta bertan egoten diren txosnak Ripan jartzea erabaki du Udalak, Jai Batzorde Mistoari aurrez ezer jakinarazi gabe eta erabaki horretan inongo iritzi eta adostasun-bilaketarik gabe. Bilboko Konpartsok ez gaude ados erabaki horrekin: Alde batetik ez dugu onartzen negozio pribatuek (kasu honetan Israeletik etorri berri den luxuzko hotel batek) jai eremuaren antolaketa baldintzatzea. Bestetik, jai eremua parte hartzeko gunea da eta hortaz, Aste Nagusia doakotasunetik eta parte-hartzetik antolatzen dugun eragileek kudeatu behar dugu.

Udalak txosna horiek mugitzean, eman nahi duen irudia da ez dagoela desberdintasunik alde batean egongo diren txosnen eta beste aldean egongo direnen artean. Gure iritsiz  jai ereduari eraso nabaria da. Konpartsok jai-eremua zaintzeko prebentzio bidez urteetan egin dugun eta egiten dugun esfortzua nabarmendu nahi dugu eta horren emaitza izaten da bertan egoten den giro lasai eta alaia. Aldaketa berri horien ondorioz sor daitekeen giroari dagokionean, inongo aurre-lanketarik gabe eta erabaki hori hartzeak ekar ditzakeen arriskuez kezkatuta gaude.

Amaitzeko, konpartsok, aniztasunetik bilbotar guztiei irekita gaude eta denok parte hartzeko bidea eskaintzen dugu, eta Udalaren erasoen eta gure lana ikusezin egiteko esfortzuen aurrean Konpartsok programazio eta presentzia gehiagorekin erantzungo dugu, jaiak herritik sortuak eta herriarenak baitira.

Gora Aste Nagusia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude