Eraso arrazista gehiagorik ez:Manteroei elkartasuna adieraztekoagerraldia egin dugu Bilboko Konpartsok

Bilboko gizartearen izaera solidarioa eta ez-arrazista gogorarazten dugu, eta gure erakundeek mantero kolektiboaren aurka egindako edozein eraso mota gaitzesten dugu.

Gaur arratsaldean deitutako prentsaurrekoan jai hauen funtsezko printzipioetako bi gogorarazi nahi izan ditugu. Lehenengoa: Aste Nagusia pertsona guztientzat da. Bigarrena: ez dugu inolako erasorik onartuko, erasotzailea edozein dela ere.

Eta hain oinarrizkoak eta hain partekatuak diren bi ideia horiek modu nabarmenean, sistematikoan eta neurrigabean erasotuak izaten ari dira Aste Nagusiaren lehen egunetik. Horregatik, Bilboko Konpartsetatik, Bilboko bizilagunak garen aldetik, salatu nahi ditugu erakunde publikoek eta komunikabideek egunero manteroen kolektiboa jasaten ari diren eraso etengabeak, lotsagarriak eta krudelak, eta behingoz gelditzea eskatzen dugu.

Eraso horiek gure erakundeetatik datoz, gure ordezkari politikoen ahoetatik eta modu esplizituagoan, poliziaren eskutik, ankerkeriaz, indarkeriaz eta diskriminazioz.

Ez gara gai ulertzeko nola, guztion segurtasunaren eta ongizatearen alde, merkantzia konfiska dakiekeen kalean saltzen ari diren, gogor lanean ari diren eta, gainera, egoera zaurgarrian dauden pertsona batzuei. Kalean lanean ari dira horrek dakarrenarekin: aukera-desberdintasuna, gure pribilegiotik pentsaezinak diren baldintza onartezinetan. Eta arduradun politikoek, errealitate hori aldatzeko zer egin daitekeen pentsatu beharrean, hertsatzeko neurriak baino ez dituzte erabiltzen.

Ez dugu egoera hori onartu nahi, eta are gutxiago beste alde batera begiratu. Enpatia minimoa duen inor ez da gai ulertzeko. Bilboko gizartea irekia, solidarioa eta langilea da. Hemen, garai zailetan, aurrera egitea tokatu da, eta pentsaezina da orain jendea horrela diskriminatzea, abusatzea eta jipoitzea. Hori ez ziguten etxean erakutsi.

Akats larria litzateke Udalaren aldetik, beste aldera begiratzea eta ez onartzea Bilboko bizilagunak manteroekin gaudela. Gero eta gehiago dira herritarrek kolektiboari ematen dizkioten babesak, eta Udalak ez lituzke alde batera utzi behar. Bilboko gizartea, babes adierazpen horiekin, oihuka eskatzen ari da arrazismo instituzionalarekin eta polizialarekin eta bere mekanismo bortitz guztiekin amaitzeko. Ez da zilegi, segurtasunaren izenean, hiri honetako kaleetan saltzen bizirik irauten saiatzen diren pertsonak kriminalizatzea.

Pertsona horien atzean ez dago erakunde kriminalik. Atzean dagoena, ordea, haien egoera erregularizatzeko administrazio-prozesu gero eta zailagoak dira, etxegabetasun-egoerak, erakunde publikoaren erantzun eraginkor gutxi, arrazakeria, aporofobia eta polizia-indarkeria. Lan egitea ez da delitua, eta inor ez da legez kanpokoa.

Delitua gertatzen da ordezkari politikoek boterea gehiegikeriaz erabiltzen dutenean gure izenean. Ordezkatzen gaituztenek gorroto-diskurtsoa dutenean, ustez gu babesteko dauden horiek, autoritatea ahulenaren aurka erabiltzen dute.

Lan egitea ez da delitua! Gora jai askeak!

Iruzkinak itxita daude.