Mendia eta kaleak okupatzera goaz

Badakizuenez Bilboko Konpartsakeko lagunok gauzak gure “erara” egiteko joera daukagu. Eta oraingo honetan ez ginen gutxiago izango:

Zer daukagu begien aurrean? Krisia! Eta ez edonolako krisia … Baina konpartserook ez gara eztabaida antzuetan eroriko. Ez dugu diskurtso luzerik botako: krisiaren arduradunak eta bla bla bla … Gauza bat baino ez dugu buruan: gauzak gure “erara” egitea!

Eta horregatik Bilbotarrei deialdi argi bat luzatzera goaz: mendia eta kaleak okupatzera goaz!!

Baina ez dugu egingo orain modan dauden formatuetan, ez! Ez dugu ospitalea inguratuko, edo eta koloretako zutabeak antolatuko …

Gu mendira igoko gara eta Bilboko kaleak kantuz beteko ditugu!

Eta ez gara edonolako mendira igoko! Aurkikuntza zoragarri bat egin dugu: Bilbo inguruan Txosnagane mendia daukagu! Bai bai! Ez da gure irudipen zoro bat! Txosnagane mendia: Biderdi, Ganetxiki, Larrentxu izenarekin ere ezagutua, Pagasarri eta Ganekogorta artean dagoen mendia, 877 metroko altuera duena.

Bai … badakigu … arriskutsua izan daiteke … jai esparrutik, hau da; Bilboko Arenaletik urrun dago, altueran igotzen garen heinean oxigenoa galtzeko arriskua dago … horrela da … baina prest gaude arrisku hori gurea egiteko .. horrelakoak gara konpartseroak! Are gehiago: Hemendik deialdi zabala egiten dugu martxa neurtu honetan parte hartzeko. Bilboko Konpartson web orrialdean eman behar da izena bikoteka, eta kontuz! Parte-hartzaile kopurua mugatua baita. Martxa maiatzaren 25an goizeko 8:30etatik aurrera izango da… eta itzultzeko eguna… depende… egoera klimatologikoaren arabera eta indar fisikoen arabera… Izena eman HEMEN

Eta kaleari dagokionez: kaleak kantuz beteko ditugu!

Eta honetan ez gara berriak: eskarmentu polita daukagu! Hilero Bilbo kantari egiten dugulako. Baina kasu honetan urrats bat gehiago emango dugu: Euskal Herria Bilbon kantari antolatu dugu! Bilboko plana txiki gelditu zaigulako … badakizue Bilbotarrak beti Bilbotar!

Ekainaren 8an Bilboko kale ezberdinetan Euskal Herriko kantu zaleek eta konpartserook doinua emango dugu, eta ehunka pertsonentzako kanta bazkaria antolatu dugu.

Euskal Herriko kantu zale guztiak apuntatu ahal izateko kontu korronte bat ireki dugu eta honetan 15€-ko ordainketa egin ostean erreserba egiten da. Maiatzaren 27a baino lehenago egin behar da 2095 0009 80 9112642650 Kutxabank kontu korrentean.

12etan: Arriaga plazatik Txupinarekin hasiera emango diogu kantu kalejirari talde ezberdinetan banaturik Bilboko kale ezberdinak kantuz betez 14:30ak arte. Ordu horretan Club Deportivon bilduko gara berriz guztiok kantu-bazkari erraldoian bazkaltzeko. Eta 18etan zazpi kaleetatik kantu jirarekin jarraituko dugu eguna amaitzeko.

Prestatu zuen ahotsak!

Beraz, badakizue: menditik zein kaletik Bilboko Konpartsak beti prest! Anima zaitezte gurekin eta Txosnaganera eta Euskal Herria Bilbon kantari ekimenetan parte hartu!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude