Bilboko Konpartsak, Aste Nagusia bertan behera uztearen aurrean

Bilbo, 2020/05/15

Bilboko Konpartsoi gaur goizean komunikatu digu Bilboko Udalak aurtengo Aste Nagusia bertan behera utziko duela, albistea zabaldu baino minutu batzuk lehenago. Tristetu gaituen albistea da, edukiagatik zein formagatik.

Gaur egun bizi dugun pandemia egoeran, etxe askotan (zer esanik ez etxea ez daukatenen kasuan) gorriak ikusten dabiltza, senide edo lagunak galdu dituztelako, gaixotu zaizkielako, edo langabezira joan eta diru-sarrerarik gabe geratu direlako. Testuinguru horretan, elkartasun-sareak indartu eta alaitasuna eta ilusioa piztu dezaketen ekimenen alde egin dugu Bilboko Konpartsok, beti ere osasun eta ardura irizpideei jarraiki, elkar zaintza filosofiatik abiatuta. Badakigu Aste Nagusia dela ilusio eta alaitasun gehien sortzen duen kultura ekimena, herritik herriarentzakoa delako, jai herrikoia delako, parte-hartzailea, feminista, euskaldun eta ekologista. Herritarrok, horrelako ekimenen beharra daukagu momentu honetan, beti ere, osasun-neurriak hartuta.

Osasun-alerta martxan ipini zenetik, Aste Nagusian lan egiten duten kolektibo guztiei elkarlanerako deia egin diegu, inoiz baino ozenago, udalari, alderdi politikoei eta eragile sozial zein ekonomikoei. Horrela azpimarratu dugu Aste Nagusiaz erabakitzeko foroan, Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoan, aukera guztiak zabalik genituela, osasun-irizpideei jarraituta beti ere. Zoritxarrez, ikusi dugu elkarlanean eta era horizontalean lan egin beharrean, politikariek eta instituzio arduradunek erabakiak modu bertikalean hartzea nahiago izan dutela, goitik behera, betidanik lanean gabiltzon eragileak kontsultatu eta informatu gabe, errealitatetik urrun. Bitartean gure auzoetako jaiek zain jarraitzen dute, Udalari eskatutako bileraz inolako erantzunik jaso gabe. Hala, jaien inguruko eztabaidatik baztertu gaituzte jai herrikoiak antolatzen ditugun talde eta auzotar guztiok.

Halere, ez dugu Aste Nagusiarekiko ilusioa galdu. Joan den urritik ari ginen lanean Aste Nagusi hau prestatzen, eta dagoeneko lanean ari gara aurtengo Aste Nagusiari ipinitako betoaren aurrean, bilbotarrek eta bizkaitarrek duten ilusio- eta alaitasun-grinari erantzuteko. Datozen egun eta asteotan informazio gehiago emango dizuegu horren inguruan. Aurretik soilik esan dezakegu gogoangarria izango dela.

 

EH Kantuz

Bestalde, urte osoan lan egiten duen kultur eragilea da Bilboko Konpartsak. Bihar, maiatzaren 16an, Euskal Herria Kantuz, Euskal Herriko kantuzaleen topaketa egitekoa zen Bilbon, “Zazpiak oihal batetik” goiburupean. COVID-19aren pandemia dela eta, antolatzaileok (Euskal Herria Kantuz, Bilbo Kantari, eta Bilboko Konpartsak) nazio-ekimena 2021era atzeratzea adostu dugu, data oraindik zehaztu gabe.

Hala, kaleak alaitu beharrean, etxeetatik abestera animatzen dugu, ilusioa, alaitasuna eta gure hizkuntzako bertsorik hunkigarrienak galdu ez daitezen. Horretarako, sarean honako materialak ipini ditugu: Bilbo Kantariren kantu-liburuxka, eta bideo-zerrenda.

Modu berean, #GoraKantuHerrikoia traola erabiliz, ekimena sare sozialen bidez zabaltzeko deia egiten dugu antolatzaileok.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude