Elkarlanerako deia egin diogu konpartsok Bilboko Udalari

Alde bateko erabakien aurrean elkarlana berreskuratzeko deia egin diogu gaur Udalari, Arriaga antzokiaren aurrean egindako agerraldian. Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi esanak gogora ekarrita, konpartsok elkarlana, eta ez inposizioa, oinarrizko baliotzat dugula berretsi dugu. 1980ko edo 1983ko Aste Nagusien artean aukeratzeko eskatu diogu  udal gobernuari, alegia, aldebakarreko inposizioan ala elkarlanean oinarritutako jai-ereduen artean aukeratzeko.

Agerraldia abiatu dugu asteartean zendutako Josu Torreren aipamen batekin. Konpartsakide, pregoilari eta jai-zalea izanik, hutsune handia utziko du Josuk Bilboko konpartsetan, euskal kazetaritzan utziko duen moduan. Hain zuzen ere, asteartean bertan argitaratutako bere azken zutabean jai herrikoiak izan zituen hizpide Torrek. Aste Nagusiari dagokionez, aurten ez dela “pregoi sakon eta amultsurik entzungo txupina jaurti aurretik Arriagako balkoitik” iradoki zuen, baina harago eroan zuen begirada. Bere ustean, ez du ematen “eznormaltasun honek iraungitze datarik duenik eta jaiekin hasi garenez, zalantzan jarri beharko ote ditugu datorren urtekoak ere”. “Jaizale denon izenean, Gaixoa ni!”, zioen Torrek, DEIAn argitaratutako bere azken zutabean.

Gaixoak denok, jai herrikoiak maite eta bizi ditugunok!

Izan ere, aurtengo jaien basamortuaz aparte, “normaltasun berriak” ekarriko digunak kezkatzen gaitu, ez delako oso urrun ibiliko orain arteko “normalitateaz”. Joan den martxotik hona, urak bere bidea egin du: Bilboko Konpartsek eta auzoetako jai batzordeek behin eta berriro frogatu dute elkar zaintzatik, prebentzio-printzipiotik eta osasun neurrietatik abiatuta, bilbotarren esanetara gaudela. Ehunka konpartsakidek eta bestelako auzokidek parte hartu dute elkartasun sareetan, eta jarrera horrekin jarraituko dugu, jendea lehentasunezko tokian jartzen. Erantzukizun soziala eta pandemiaren aurrean zuhurtzia aldarrikatzen dugun indar berarekin, “elkarlana, eta ez inposizioa”, oinarrizko baliotzat dugu, Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi esan bezala. Hala, Bilboko Konpartsok eta auzoetako jai batzordeek ziurgabetasun egoeran ere arduraz segitu dugu lanean herri mugimendu gisa, gure onena emateko, 1983ko uholdeetan egin bezala: auzolanean, elkarlanez eta musutruk.

 

1983ko elkarlana ala 1980ko inposizioa

Udalak, bere aldetik, 1980an Castañaresek egin bezala, inposizioaren bidea hautatu du, orain arteko elkarlana irudikatzen zuten guneak deuseztuz, Bilboko Jai Batzorde Mistoarekin egin duen legez. Erakunde horren bilera bakarra egin da, izurritea piztu zenetik, hainbat astez Bilboko Konpartsok eskatu eta eskatu ondoren. Halere, bertan inolako erabakirik hartu utzi barik, alkateak debekatu zuen Aste Nagusia, batzordearen lana eta iritziak kontuan hartu barik.

Ondoren, jaien ordez kultur ekitaldi solte batzuk egitea deliberatu zuen Udalak, berriro ere Batzorde Mistoaren iritzia eta are gutxiago onarpena eskatu barik. Azkenik, Batzorde Mistoak eskatutako Udal Jai Arloaren eta Bilboko Konpartsen arteko elkarlana hustu du Udalak, eta Kultura Arlora pasatu du ardura eta aurrekontu dena, Jai Batzorde Mistoari inolako azalpenik eman gabe. Behin eta berriro, elkarlana, parte-hartzea eta jai osasuntsuen defentsa egin dugu Bilboko Konpartsok, Udalak botatako zubiak berreraiki nahian. Mahai teknikoan ere argi geratu zitzaigun denbora galtzen geundela; halere, proposamen berria egin genion Udalari, bilerak eskatuta Jai eta Kultura zinegotziei, alkateari eta BilbaoUdaren arduradunei. Hainbat asteren ostean, bilera izango da Jai Arloarekin, baina horrela desiratzen badugu ere, zalantzak ditugu baliagarria izango den elkarlana sustatzeko. Guk gure aldarterik onena eroango dugu.

Badago oraindino okerrago dabilenik. Izan ere, auzoetako jaien kasuan, elkarlan instituzional txikienik ere ez da ematen hasieratik. Aurten debekuz debeku ibili dira, Udaleko inor eurekin harremanetan ipini barik. Bi egoera muturreko bizi izan genituen 1980 eta 1983an. 80an, herritarren eta konpartsen parte hartzerik gabeko Semana Grande edo Bilboko Jaiak egiten saiatu zen orduko alkatea, herriak onartu ez zuena. 83an, ordea, elkarlanean aritu ginen, naturak eta zoritxarrak, oraingoan bezala, ekarritako hondamendi baten aurrean. Non gauden, beraz, galdetu nahi genioke Bilboko udalari: 83an ala 80an? Datozen urteei begira aurrekari kezkagarria iruditzen zaigu Aste Nagusiaren jai eredua hain modu arinean zalantzan jartzea. Jai herrikoien eredu parte-hartzailea sustatzeko unea da.

 

“Poztasunen bat” emateko gogoz

Aukerarik badago, gu beti izango gara prest 1983an agertutako jarrera errepikatzeko. Bilbotar denon alde lan egiten baitugu, are gehiago gaur egungo egoeran. Bilbok poztasunen bat behar du, triste beltz eta krudela izan den eta segitzen duen Covid19ko krisiaren eta jada bertan dabilen krisi orokorraren aurrean, enpleguari, merkataritzari, familiei, elkartei, kulturari, jaiei eta abarri eragiten dabiltzana.

Herri honek irribarrea, ilusioa, esperantza, eta festa-desira behar ditu, UCIak bete barik. Badakigu aurten ez dela Aste Nagusia izango. Guk ere ez dugu uste posiblea denik jende multzo handiak batzea. Baina horrek ez du esan gura kaletik jaia, festa, parte-hartzea eta alaitasuna ezabatu behar ditugunik. Horiek denak behar ditugulako.

Utziz gero, laster emango dugu urritik hona ehunka konpartsakide lantzen gabiltzan eta behin eta berriro osasun-irizpideei moldatu dugun egitarau horren guztiaren berri.

Gora jai herrikoiak! Gora Aste Nagusia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude