Alkateak etsaitzat hartzea iraganeko kontua beharko lukeela diote konpartsek


Ehunka bilbotarrek hartu dute parte gaur arrastian Bilboko Udalak “Bilboko Irria” ekimenaren egitarauari egindako mozketak salatzeko ekitaldian.
Amaieran, konpartsen federazioak ohartarazi du Aste Nagusiaren historian, jai herrikoi eta parte hartzaileen aurka udalak “uneoro ipintzen dituen oztopo mugagabeak” konstante bat izan direla. Konpartsak etsaitzat hartu eta karikaturizatzeko estrategiak, Azkunaren garaian “kalte handia” ekarri zuenak, iraganeko kontuak izan behar dira, “ez errepikatzekoak”, konpartsen arabera.


Bilboko Areatzako kaian, kolore eta musika artean bildu dira gaur ehunka bilbotar Bilboko Irria ekimenari babesa emateko ekitaldian; bertan egin diote aterpe “aburtismoak” debekatutako hainbat kultur-adierazpeni. Hala, Maite Sarasola Isazelaia eta Maddi Askaiturrieta Diaz inprobisatzaileen bidez, bertsolaritza izan da Bilboko Irrian; Elena Caballero Villanueva, “La Basu”-k musikaren rap-doinuak ekarri ditu; eta Bilboko dantza-taldeetako zenbait kidek elkarlanean josi dute hainbat euskal-dantzen alardea. Horrela, erantzuna eman diote udal agintariek azken orduan
emandako artazi kolpeekin inausitako egitarau meheari, berez aurretik jada murritza zen udalarekin adostutako egitaraua are gehiago flakatu zuena.


Bilboko Konpartsak federazioak Albert Einstein fisikaria zena parafraseatu du, irudikatzeko unibertsoa eta giza-ergelkeria bezala, “jai herrikoi eta parte hartzaileen aurka Bilboko Udalak uneoro ipintzen dituen oztopoak” ere “mugagabeak” direla. Carmen Gutierrez Aira eta Haizea Larrosa Regil bozeramaileek gogorarazi dutenez, joera hori abiatu zuen Castañares alkateak 1980an, Jai Batzorde Herrikoia eta Aste Nagusia baztertu, eta “marra gorri denak gaindituz” “Bilboko Jaiak” izeneko ekimena antolatzen saiatu zenean, “herritarron inolako partehartzerik gabe”.


Gaur egungo Bilboko Jai Batzorde Mistoa jaio zen herriak “Mari Castaña”-ri eman zion erantzun hartatik, konpartsakideek gogorarazi dutenez; baina halere, ekarri dute gogora, ordutik hona, lantzean behin, alkateek eta jai-zinegotziek antzeko ahalegin eta keinuak egin izan dituzte. Hainbat adibide aletu dute: punkien aurkako sarekada
eta indarrezko higienea; manteroen aurkako sarekadak; txosnen debekuak; ekimenen debekuak, elkarlana ez sustatzeko erakusketa anputatuak…


Hala, “gris koloreko azkunismoan” ere, kalera atera behar izan ziren konpartsak, “Mari Jaia for Alkate” kanpainan, “beste amets bat partekatzera”: Jai Batzorde mistoa benetan mistoa izango dela, konpartsa, jende-multzoak eta jarduerak ez
direla berriro ere debekatuko eta festa eta kultura egiteko aurrekontuak ez direla urtero murriztuko.


Udal-erregimen berria


Konpartsen ustean, “pandemia-urte triste hauetan”, “azkunismoak” bidea eman dio “aburtismo” erregimenari, debeku-ziklo berri baten bidez. Horren aurrean, konpartsek aldarrikatu dute alkatea ez bezala, haiek ez daudela prest haserre
bizitzeko, jaia antolatu eta egiteko baizik. Horregatik, “bestelako jarrera batzuk” eskatu dizkiete udal-agintariei, datozen 40 urteotarako: “Konpartsak etsaitzat hartu eta karikaturizatzeko estrategiak kalte handia ekarri zuen Azkunaren garaian”, eta horiek, konpartsen aburuz, “iraganeko kontuak izan behar dira, ez errepikatzekoak”.


Modu berean, konpartsek oroitu dute elkarlana ez dela erraza, baina 1978tik hona horretaz asko ikasi dutela ohartarazi dute: “lantaldea osatzen dugu, askotarikoa eta kolore anitzekoa, elkar ulertzeko gogoz eta jarduerak proposatu eta gauzatzeko asmo sendoarekin. Amaierarik gabeko eta irabazi-asmorik gabeko lana. Gogoa festan eta eraikuntza sozialean irabaztea da, hori da gure motibazio nagusia eta hainbeste lan boluntarioak beti azken saldo positiboa izatearen arrazoia”. Eredu horretan proba egiteko gonbita luzatu diote Udalari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude