Bilboko konpartsok “Nagusia* egingo dugu!” ekimena abiarazi dugu aurtengo egitarauari begira

Bilboko Konpartsak federazioak 2022ko jai-urtea Nagusia* egitea erabaki dugu, azken bi urteotan jazotako ezohiko egoerari buelta emateko asmo sendoarekin: “Irria, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea da aurtengoa, horrexegatik diogu 2022a Nagusi* egingo dugula”. Konpartsok irailean hasi gien aurtengo Aratusteak, Txosnaganerako mendi-martxa, San Juan gaua eta beste hainbat ekitaldi prestatzen, azken urteotan lagun izan ditugun hainbat eragilerekin batera. Dagoeneko, egingarri ikusten ditugu plangintzatutako ekimenak.

Gaur goizean, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak ezagutzera eman dute kanpaina berria. Konpartson ordezkariek agerraldia egin dute Bilboko Hika ateneoan. Bertan elkarlana ere nagusitzeko asmoa dugula azaldu dute eta prestatzen ari garen “Nagusia* egingo dugu!” kanpainako ekintzetan parte hartzera gonbidatu eta animatu dituzte bilbotar guztiak. Ohi bezala, konpartsok elkar-zaintzaren filosofian oinarritu gara, eta beraz, egitarau denek osasun-neurriak errespetatu eta segurtasun kolektiboa bermatuko dutela ziurtatu dute.

Hala, hamabost egun barru abiatuko dugu Bilboko jai-urtea, Aratusteetako X. Kopla Txikien Lehiaketarekin. Aratusteek, jakina denez, martxoaren 1era arte iraungo dute. Matutek eta Varonak ez dute zehaztu zein izango den Aratusteen programazioa, “hori Jai Batzorde Mistoari dagokio eta; ez gara gu spoilerrik egingo dugunik”. Beraz, itxaron beharko da jai zoro eta burlatiaren edukia ezagutzeko.

Argibide gehiago eman dituzte konpartson hurrengo erronkaren gainean, adibidez Korrika: Euskararen lasterketak apirilaren 6an zeharkatuko du Bilbo, eta egun horretan ere gure hizkuntza nagusia egiteko lana eta kilometroak egingo ditugu konpartsakideok, HitzEkin goiburuari eta lekukoari helduta.

Ekainean, ordea, kirola eta bizimodu osasuntsuak nagusituko ditugu, Bolintxu defendatzeko aldarriarekin batera. Hilaren 11n, Txosnaganerako mendi-ibilbide neurtua antolatuko dugu konpartsakideok, mendizale eta naturazaleekin batera egunaz gozatzeko. Klasiko bilakatu den ekimen horri lekukoa hartuko dio beste klasiko batek, San Juan bezperan ospatuko dugun udako solstizioaren gaua. Euskal usadiok ere nagusi egingo ditugu.

Modu berean, uztailaren 16ko Konpartsakide Eguna antolatu ostean, “Bilbo osoak eta unibertso erdiak itxaroten dabiltzan Aste Nagusia, urteko ospakizunik nagusiena” ere “benetan nagusia” egingo dugu. Alegia, horretan gabiltza Bilboko Jai Batzorde Mistoaren barruan, bilbotar ugarik eta makina bat eragilek lagunduta, “ahalik eta egitaraurik osoena eta aldiz seguruena osatzeko”. Beraz, gordetzeko datak izango dira abuztuaren 20a eta 28a bitartekoak. 

Oro har, egutegi oparoa izango da datozen hilabeteotakoa, eta gure asmo sendoa da aurtengoa handia, itzela, benetan NAGUSIA* izan dadin, bilbotarrek behar eta merezi duten moduan. Jaiurte honetako ekintza guztiak #NGS22 traolarekin jantziko ditugu konpartsok.

Azkenik, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak nabarmendu dute jaien alde auzoetan egiten den lana: “jai-urte honen oinarrian badira Bilboaldeko herrietako eta auzoetako jaiak, atzean daukaten jai-batzordeen izugarrizko lan pareagabea, eta gutxitan eskertua”. Jai-batzorde bakoitzak eta Auzotarrok federazioari dagokio horren inguruko informazioa ematea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude