Bilbok badauka jada Aratuste-kartela, parte-hartzea berreskuratuta

Kartelaren egileak Bilboko konpartsen eta Jai Batzorde Mistoko beste eragileen ordezkariekin. JAI BATZORDE MISTOA

Bilboko Aratusteek badaukaute jada irudia, festa horren izaera lotsabako eta herritarra erakusten duena. Ainhoa Narvaezen eta Jon Gonzalez Ullibarriren “Jatorriari buelta (Bilboko urdina)” da urteko festarik alaiena eta ironikoena iragarriko duen kartela, Bilbo milaka mozorroz eta maskaraz jantziko duena otsailaren 19tik martxoaren 1era bitartean. Urte bi prozesu parte-hartzailerik gabe eman ondoren, bilbotarrek berreskuratu dute kartela hautatzeko aukera.

“Jatorriari buelta (Bilboko urdina)” izan da aurtengo irabazlea. Ainhoa Narvaez eta Jon Gonzalez Ullibarri egileek 2.000 euroko saria eskuratuko dute, 6 finalistetan lehena izan delako, batetik herritarrek emandako botoei esker (azken erabakian % 75eko pisua izan dute), eta, bestetik, epaimahaiaren erabakiaren ondorioz (gainerakoa, % 25a, izan da).

Herritarren parte-hartzea protagonista izan da aurtengoan, azken urte bietan aukera horretaz baliatu ezinik eman ondoren. 4.061 boto izan dira aurten, presentzialki edo online.

Orain dela urte bi, 2020an, Jai Batzorde Mistoak ez zuen ohiko kartel lehiaketa antolatu, Aratusteekin bat ez zetozen udal kontabilitateari lotutako arazo burokratiko eta aspergarriek saihestu zutelako. Urte horretan, Bilboko Konpartsak federazioak egin zuen kartela eta Bilbori oparitu zion, prozesu parte-hartzailea blindatu eta kartela azpikontratatu ez zedin. Hurrengo urtean, zoritzarrez ez zen Aratusterik izan, Covid-19 dela eta. Aurten, berriz, Jai Batzorde Mistoak berreskuratu du denon artean Aratusteetako irudia hautatzeko aukera.

Aurtengo Aratusteetako kartela, “Jatorriari buelta (Bilboko urdina)” izenekoa. AINHOA NARVAEZ – JON GONZALEZ ULLIBARRI

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude