Kapela Egunaren egitaraua aurkeztu dugu gaur

Bilboko Konpartsak federazioak Kapela Eguna izeneko festa antolatuko du maiatzaren 14an, Zazpi Kaleetan. Horren bidez, beste bilbotar denekin batera ospatuko dute 100 bat egun faltako direla Aste Nagusirako, azoka, dantzak, tailerrak, musika eta kantuekin. Atzerako kontaketa egun bi lehenago piztuko dute Aste Nagusiko ikonoak diren txupinerak eta pregoilariak, kontagailu handi bat martxan ipiniz.

Gaur Plaza Barrioan egindako agerraldia

Gaur goizean, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak aurkeztu dute ekimen berria. Konpartsen ordezkariek agerraldia egin dute Bilboko Plaza Barrian; bertan gogorarazi dute, urte hasieran aurreratu zuten moduan, Bilboko konpartsen asmoa dela aurten “irria eta poza berreskuratzeko ekarpen ahalik eta handiena egitea, azken bi urteotako egoera ilunari buelta emateko”.

Azaldu dutenez, horregatik iragarri zuten 2022 urte hau Nagusia* egingo zutela. Izan ere, konpartsen aurtengo helburu nagusia da “azkenik egin ahal izango dugun Aste Nagusia benetan Nagusia* izatea”. Horra heltzeko, jaiurte arruntetan konpartsakideek badituzte, aurretik, bestelako hitzordu batzuk, “abuztuko jai handiaren aurrekari”. Hala, aratusteen ondoren, Txosnaganerako mendi-martxa, San Juan gaua eta Konpartsakide Eguna datoz, Varonak azaldu duenez.

“Baina aurtengoa ez da urte normala izan behar, Aste Nagusia berreskuratuko dugun urtea baizik”, adierazi dutenez. Konpartsakideek “gogoa bor-borka” daukatela, eta, Marijaia berriro datorrela gogoratzeko jai berezia antolatuko dute maiatzean, txupin-jaurtiketa handirako 100 egun faltako direla ospatzeko. Maiatzaren 12an, kontagailu handi bat jarriko dute martxan, txupinera eta pregoilariaren laguntzaz, eta maiatzaren 14an, larunbatean, KAPELA EGUNA ospatuko dute Bilbon.

Varonak eta Matutek festarako kapela zergatik aukeratu duten azaldu dute: “erreferentziazko elementu moduan aukeratu dugu, eskuratzeko eta janzteko erraza delako eta ‘baziloia’ delako, jai-girokoa”. Parte hartuko duten bilbotar denek, nork bere gustuko kapela, txapel edo txanoa aukeratu eta kalera atera ahal izango dira, prestatutako egitarauarekin gozatzera. 

Egitaraua

Goizean, Kapela Tour batekin hasiko dute eguna, udaletxetik egingo duten ibilbidearekin. Goiz osoan zehar, 11:00etatik 14:00etara, Kapela-azoka izango da Plaza Barrian; leku berean izango dira ere hurrenez hurren txapelgintza tailerra, 11:00etan; eta Kapela Lehiaketa, 12:00etatik 13:00etara; sariak banatuko dira ondoren. Bitartean, dantza-plaza izango da. 14:00etan kalejira izango da fanfarrearekin Zazpi Kaleak girotzeko eta, arratsaldean, Kapela-poteo musikatua izango da Unamunotik abiatuta. Amaitzeko, 19:30ean, kapeladun Bilbo Kantari berezia izango da, Bolsatik abiatuta.

Azkenik, Nerea Matutek eta Ioritz Varonak nabarmendu dute egun osoko egitaraua prestatu dutela Zazpi Kaleetan eta inguruetan: “konpartsok gogotsu gaude eta parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegu bilbotar guztioi, zuen koadrilla edo familian KAPELA jantzita: hartu etxetik edukiko duzuen kapela, txapel edo txanoren bat, edo erosi aspaldi gogoan duzuen hori, eta anima zaitezte ospatzera Aste Nagusirako 100 egun bakarrik falta direla”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude