Eraso matxisten eta arrazisten aurkako giza-katea

Giza-katea egin dugu gaur Bilboko konpartsok, erasoen aurkako protokoloa Aste Nagusi honetan bigarrenez aktibatuta, jarrera matxista eta arrazisten hainbat salaketa jaso direlako. Giza-katea egin dugu jaigunearen inguruan, eta gauerdian zein goizaldeko hiruretan kazerolada eta hamarna minutuko etenak egingo ditugu.

Gaur, bigarrenez aktibatu behar izan dugu konpartsok erasoen aurkako protokoloa Aste Nagusi honetan, oraingoan gertakari ezberdinengatik.

Alde batetik, jai gunean hamaika izan dira emakumeon kontrako jarrera eta eraso matxistak: ukipenak, irainak, baboseoak…

Bestetik, konpartsok hainbat jarrera arrazista identifikatu ditugu jende arrazalizatuaren kontra: “Manteroen hainbat identifikazio egon dira udaltzaingoaren partez modu nahiko bortitzean”. Konpartsekin batera edalontzi berrerabilgarriak jasotzen dituzten Atxuri Harrerako kideen kontra ere jo du Bilboko Udaltzaingoak: “Ostiralean, goizaldeko bostetan, edalontzien jasoketa txanda hastera zihoazenean portal batera sartu dituzte, katxeatu, mobilak arakatu eta identifikatu egin dituzte beraien jatorriagatik, kolektiboko kideen azalpenei inolako kasurik egin gabe”.

Ekitaldiaren amaieran azaldu dugunez, “emakumeon eta pertsona arrazializatuen borondatearen kontrako edozein ekintza gaitzesten dugu. Geure bizimodua eta jaiak askatasunean bizitzeko baldintzatzen dituzten erasoez nazkatuta gaude”.

Bukatzeko “Bortizkeriarik gabeko jai-gunea” aldarrikatu dugu, ”berdin du polizia edota matxirulo izan erasotzaileak”. Erasorik gabeko Aste Nagusi baten aldeko deia egin dugu: “Erasorik ez erantzunik gabe!”, “Kalea, gaua eta jaiak ere geureak dira” eta “Guk gozatu, zuk errespetatu eta hura zaindu” leloak aldarrikatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude