Bilboko Konpartsek dei egin dute Aste Nagusian edozein motatako erasoei aurre egiteko

Bilboko Konpartsek protokoloak egokitu dituzte eraso mota gehiagori aurre egiteko. Gogorarazi dute txosnak babes eta salaketa leku izango direla erasotuentzat eta ez dela erasorik izango erantzunik gabe. Gaur arratsalderako Arriaga antzoki parean deituta dagoen agerpen feminista masiborako dei egin dute.

Konpartsen erasoen aurkako lantaldeko kide Nerea Matutek eta Ibai Garciak azaldu dutenez, Joan den Aste Nagusia amaitu zenetik, Bilboko Konpartsak federazioa lanean aritu dira herriko jaietan edozein eraso jasan dezaketen pertsonentzako arreta eta zainketa hobetzeko. Hori dela eta, protokoloak eguneratu dituzte (sexista, lgtbfobikoa eta arrazista) konpartsakideen eta hainbat gizarte-talderen laguntzaz, eta tailerren eta prestakuntza berezien bidez.

Jendearentzat hurbilagoak eta ez hain bortitzak diren jai herrikoiak lortzeko, Bilboko konpartsen federazioak beste pegatina bat diseinatu du, lema berri honekin: “Ongi etorriak dira pertsona guztiak baina ez jarrera guztiak”. Pegatina hau “Erasorik gabeko Aste Nagusia” lema duenari eta gainerako modeloei gehituko zaie.

Banderatxoak ere aldatu dituzte, indarkeria-mota gehiago ikusgarri eginez, eta, gainera, erasoei buruzko kartela eguneratu da. Kartel horrek adierazten du konpartsak leku segurua direla edozein indarkeria motaren aurrean laguntza eske joateko, eta beste hizkuntza bat gehitu zaie (wolof-a), aurrekoei (euskara, gaztelania, arabiera, ingelesa eta frantsesa).

Lan horren guztiaren helburua da, Bilboko Konpartsen arabera, “jai-esparrua segurua dela bermatzea, erasotzaileek ongi etorriak ez direla jakin dezaten, erasorik ez dela erantzunik gabe geratuko, konplizerik ez egotea eta jarrera bortitz, matxista edo oldarkorrik ez dela erantzunik gabe geratuko argi uztea”. Konpartsek errespetua eskatzen diete pertsona guztiei, jaiaren une oro. “Aste Nagusia, eguna eta gaua guztion gozamenerako dira”, gaineratu dute bozeramaileek.

Bukatzeko, Bilboko Mugimendu Feministarekin batera, gaur Arriaga parean 19:00etan egingo den agerraldi feminista masiborako deia egin dute gaurko prentsaurrekoan. Bertan, jaiak inolako erasorik gabe defendatzeaz gain, autodefentsa feminista aldarrikatuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude