Txosnaganerako martxarako izen-ematea zabalik

Bilboko Konpartsak federazioak Txosnagane mendi-igoeraren XII. ekitaldian izena emateko epea zabaldu du. Ekainaren 8an izango da ibilaldi neurtua eta izen-ematea doan eman daiteke bikoteka, ekainaren 6ra arte, bilbokokonpartsak.eus webgunean.

Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu, besteak beste. Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka. Aurten, iaz bezala, ohiko bide bietatik antolatu ditugu martxak, parte-hartzaileek aukeratzeko:

  • Lehenengoa, luzea, mendian eskarmentua duen jendearentzat, 19,48 kilometrokoa (854 metroko goranzko desnibela). Goizeko 8:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo da San Adrian auzoko eliza paretik.
  • Bigarrena, laburragoa, 14,39 km (446 metroko goranzko desnibela). Parte-hartzaileek 9:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo dira, leku beretik.

Helmuga Atxuriko Enkarnazio plaza izango da, auzoko jaiekin bat eginez. Bertan, mendizaleek aurkituko dituzte indarrak berreskuratzeko eta behar den guztia; han bertan ere izango da parte-hartzaileentzako sari-banaketa.

Izen-ematea Bilboko konpartsen webgunean egin daiteke ekainaren 6ra bitartean, (edo parte-hartzaile kopurua agortu arte) eta parte-hartzea doakoa da. Argibide gehiagorako: bilbokokonpartsak.eus.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude