Aste Nagusiko erasoen kontrako dinamikak aurkeztu ditugu

Egun bat falta da Aste Nagusiari ongi etorria emateko. Gure jai partehartzaile, herrikoi, bizi, anitz eta feministak elkartzeko, ikasteko, saretzeko eta aldarrikatzeko espazioak dira, baita musikaz eta beste hainbat jarduera kulturalez gozatzeko ere.

Bilboko Aste Nagusia hainbat eta hainbat konpartsek, eragileek, auzoek, elkarteek eta beste hainbatek osatzen duten jaia da; finean, errespetuz, askatasunez eta berdintasunez jokatzeko espazioa da.

Horregatik, gaur, berriro ere, ozen eta argi esaten dugu: Gure kaleetan eta gure jai eremuetan, ez dutela lekurik eraso sexistek, arrazistek edota LGTBI fobikoek! Ez dira “ausaz gertatzen diren kontuak”. Ez dira “gaizki-ulertuak”. Elkarrekin eraikitzen ari garena zauritzen, baztertzen eta hausten duten indarkeriak dira. Indarkeria horiek elikatuak izaten dira begirada konplize bakoitzaren bitartez, portaera onartezinak salatzen ez dituzten isiltasunen bidez, eskua luzatzen ez den bakoitzean… Eta hori ez dugu inondik inora onartuko! 

Horri aurre egiteko hainbat protokolo ditugu, hainbat elkarterekin eta eragilerekin elkarlanaren eta saretzearen ondorioz sortuak, hala nola: mugimendu feminista, SOS Arrazakeria edota EHGAM… Horien helburua zera da erasotua entzuna eta babestuta sentitzea.

Horretarako, Bilboko Konpartsetako txosnak erreferentzia puntuak izango dira. Erasorik jasan baduzu edo erasoren bat ikusi baduzu, jai-guneko edozein txosnatara hurbildu zaitezke, babesa eta laguntza jasotzeko. Bertako arduradunek aurretik landutako harrera enpatikoa emango dute, eta espazio seguruak eskainiko dituzte, epaituko ez dutenak eta kontakizuna zalantzan jarriko ez dutenak.

Eskatzen den laguntza emango da: akonpainamendua, leku seguru bat, atsedena… eta beharrezkoa izanez gero, beste eragileekin, instituzioekin edo zerbitzuekin harremanetan jarriko gara (gizarte zerbitzuak, SMUS larrialdietarako zerbitzua, Aldundiaren Ate Morea eta krisi zentroa…), beti ere erasotuak nahi izanez gero.

Konpartsez gain, egunero, gerta daitezkeen erasoak kudeatzen laguntzeko pertsona bat guardian egongo da.

Eraso bat gertatuz gero, goizean egiten diren mahai informatiboetan erabakiko dugu Bilboko konpartsetatik zein erantzun eman behar diogun, beti ere erasotuaren baimenarekin eta gure inguruko eragileekin batera. Erasoen aurrean kolektiboki erantzungo dugu! Ez dugu erasorik onartuko! Ez gara isilik geratuko! 

Era berean, ezin dugu beste alde batera begiratu indarkeria datorrenean babestu behar gaituztenen partetik. Horregaitik, irmoki gaitzesten dugu justifikaziorik gabeko polizia-indarkeria; bereziki, erabilia izaten denean jatorriagatik, azalaren koloreagatik edo egoera zaurgarriak direla eta pertsonak zapaltzeko, umiliatzeko edo zigortzeko.

Kontua ez da egoera horiek ezkutatzea. Gizarte justu batek bermatu behar duen gutxienekoa eskatzen ari gara. Pertsona guztientzako tratu duina aldarrikatzen ari gara. Ez dugu jipoi bihurtzen den atxiloketarik onartuko. Ez dugu onartuko, “ordena publikoaren” aitzakian, basakeria normalizatzerik. 

Horregatik esaten dugu, altu eta ozen: ¡Eraso sexistek, arrazistek, maribibollofoboek, transfoboek eta polizia indarkeriak ez daukatela lekurik gure artean! 

Hiri segurua nahi dugu, baina guztiontzat! Aste Nagusia elkarrekin eraikitzen jarrai dezagun! Jarrai dezagun dantzan, elkartzen, jolasten, elkar ezagutzen, gozatzen, aske maitatzen eta ospatzen!

Hori dela eta, Bilbo Feminista Saretzenek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Gaur bertan, agerraldia egingo dute, arratsaldeko 18.00etan, Arriagan, eta han emango dute mobilizazioen berri. 

Gora Aste Nagusi anitza! 

Gora jai aske eta seguruak! Ospa ditzagun errespetuz, alaitasunez eta errebeldiaz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude