Erasoen kontrako protokoloaren 2. fasea aktibatu du Jai Batzorde Mistoak

Kazeroladak egin ostean, giza katea egin dugu Aste Nagusian gertatutako erasoak salatzeko.

Bilboko Konpartsetan, gero eta eraso gehiago artatzen ari gara, gero eta larriagoak. Atzo gauean, Aste Nagusia lagun artean ospatzen ari zen pertsona batek eraso LGTBIQ+fobo oso larria jasan zuen. Erasoa ahozkoa zein fisikoa izan zen. Biktima lagunekin dantzan ari zela, hiru tipo gerturatu eta “maricón de mierda” oihukatu bitartean, lurrera bota saiatzen ziren bitartean jipoitu egin zuten. Kalean zegoen jende andanaren aurrean egin zuten, eta gero selfieak egin zituzten odolarekin.

Horrelakoak gertatzen dira oraindik gure artean, bai. Tamalez. Oso tamalez. Horrez gain, sexu eraso erabat lazgarri baten berri ere izan dugu. Aurreko agerraldietan salatutako eraso arrazisten berri ere jasotzen dugu egunero, eta ukituak, jazarpena, eta beste eraso bortitzen eta ez hain bortitzen salaketak jasotzen ditugu gauero. Eta gauero larriagoak izaten ari dira artatzen ditugun biktimen kasuak.

Ziur gaude, hemen gauden gehienok Aste Nagusian disfrutatu nahi dugula, baina ezinezkoa da jaiak gozatzea erasoak bitarteko. Hori dela eta, guk gozamena moztu dugu bart txosnetan, bi kazeroladarekin. Aurreko egunetan ere egin dugu, danok gozatu behar dugula gogorarazteko. Danok edo inork ez.

Txosnak danonak direla esaten dugun bezala berretsi nahi dugu Aste Nagusian gozatzeko aukera ere danona izan behar dela. Eta aldarrikapen horren aurka egiten duen edonork gure erabateko gaitzespena jasoko du. Biktimak babestu eta erasotzaileak jaigunetik kanpo bidaliko ditugu.

Aldi berean gogorarazi nahi dugu erasotzaileen kontra borrokatzea ez dela soilik gure kontua. Gu antolatuta gaude, eta erasoak modu koordinatuan artatzeko gaitasuna dugu, baina ardurak gizarte osoarena izan behar du. Aste Nagusian egongo diren pertsona guztiei gogorarazi nahi diegu edozein motatako erasoen aurrean jarduteko erantzukizuna. Konplize ez izatekoa. Erasotzaileei aurre egiteko ardura hartzen badute, gu alboan izango gaituzte.

Gora Aste Nagusi anitza, danona da eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude