Bilboko Konpartsen 2025eko Aste Nagusiaren balorazioa
Marijaiari agur esateko garaia iritsi zitzaigun bart. Emozioz beteak ditugu bihotzak: pena, nekea, urduritasuna eta poza nahasten dira Aste Nagusia bukatzen den guztietan. Aurtengo edizioa elkartasunez blaitutakoa izan da, izan ere, Palestinaren aldeko ikurrak, hainbat kontzentrazio, manifestazioa eta mosaikoa bizi izan ditugu; herri horren sufrimendua ahazten ez dugun seinale. Horrez gain, ikurrinaren omenaldia baliatu genuen harreran lan egiten duten eragile anti-arrazisten aldeko ekitaldia egiteko. Euskal Herri anitza eta solidarioa elkarrekin eraikitzen jarraituko dugu. Gainera, azken urteetan bezala, Atxuri Harrerako kideekin elkarlanean aritu gara edalontzi garbiketarako, benetan eskertzen dugu haien kolaborazioa.
Bederatzi egun, seiehun ekintzatik gora eta milaka parte-hartzaile. Eztanda hau ezinezkoa litzateke auzolanik eta lan boluntariorik gabeko Bilbo batean. Horregatik, Areatza larrosaz jantzia ikusi dugu azken bederatzi egunetan Txosnen aldeko ekimenaren harira, eta argi esan dugu Konpartsarik gabe Aste Nagusia ez litzatekeela gaur egun dena izango. Marijaia Arriagako balkoian agertu zenetik era guztietako ekintzez gozatzeko aukera izan dugu: haurrentzako tailerrak, kontzertuak, azokak, kirol ekimenak itsasadarrean eta Areatzan… Hala ere, pena handiz, saskibaloi 3×3 txapelketak bertan behera utzi behar izan genituen euriagatik; dena kontrolpean izatea ezinezkoa da.
Antolatutako ekintzek izandako parte hartzea positiboki baloratzen dugu, bilbotarren erantzuna benetan eskertzekoa izan da. Dena den, etorkizunerako erronka gisa daukagu goitibeheren partaidetza sustatzea, eta horretan lanean arituko gara datorren ikasturtean. Badira ekintza batzuk benetan jendearen gustokoak direnak, besteak beste, Gastrotxiki tailerrak, xakea eta hiri-krosa. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Areatza jendez lepo egon da egunez zein gauez.
Lehiaketa Gastronomikoa da gure ardatzetako bat Aste Nagusiko egunetan zehar. Aurten, aldaketak egin ditugu antolakuntzan eta egun kopuruan, eta emaitza primerakoa izan da. Eskerrak eman nahi dizkiogu lantalde osoari, merezita jaso zuten konpartsek emandako bandera urdina. Era berean, mila esker Lehiaketa Gastronomikoa indartzen duten guztiei: epaile, laguntzaile, esatari eta, bereziki, parte hartzaileei.
Bandera urdinak Aste Nagusiaren alde egindako lana saritzen duen moduan, bandera marroiak oztopatzen dutenei ematen zaie, eta aurten, hori ere merezita, Bilboko Udaltzaingoari eman diogu. Bandera hori emateko arrazoiak bat baino gehiago izan dira: Jaigunera sartu eta bertatik irteteko trabak jarri dizkigute konpartsakide eta langileei, kale saltzaileak jazarri dituzte, eta oro har, eman diguten laguntza eskasa izan dela baloratu dugu. Salatu nahi dugu, kale gorrian bizi diren Gas plazan lo egiten ari ziren pertsonak bertatik bota eta Arriagara bidali zituztela, inolako azalpenik gabe. Horixe izan zen gure protokoloa lehenengo aldiz aktibatzeko arrazoietako bat.
Tamalez, horiek ez dira izan Aste Nagusian egondako eraso bakarrak, era eta intentsitate anitzetako erasoak gertatu baitira: arrazistak, sexistak, LGTBIQ+fobikoak, hitzen bidez egindakoak, zein indarkeria fisikoa erabilitakoak. Ostegunean, 21ean, berriro aktibatu behar izan genuen protokoloa, hain zuzen ere, aurreko gauean egondako eraso LGTBIQ+fobiko oso larri baten ostean. Horren ondorioz giza kate eta kontzentrazio oso jendetsua deitu zuen Jai Batzorde Mistoak. Oso baliagarria zaigu erasoen aurkako protokoloa abian jartzeko egiten dugun elkarlana. Eskerrik asko hurbildu zineten guztiei, eta erasotzaileek entzun dezatela aurrean gaituztela, erasotuak ondoan gaituen gisara.
Hori guztia aparte utzita, balioan jarri nahi dugu Aste Nagusian egon den giro aparta. Guztion artean eraikitzen ditugun jaiak elkarrekin gozatzea dugu helburu, kaleak dantzaz, barrez eta musikaz betez. Horretarako ezinbesteko izan ditugu Olatz Agirre, txupinera, eta Francis Diaz, pregoilaria. Egunero-egunero, euripean zein izerditan, Aste Nagusiaren taupada izan dira. Bihotzez eskertzen dizuegu zuen umorea, prestutatasuna eta Aste Nagusia are nagusiago egiteko egin duzuen guztia.

Aurreko Sarrera




