Lehenengo balorazioak

Mari jaiak duela gutxi utzi gaitu eta gaurkoan zuekin bildu gara, lehenengo balorapen azkarra egiteko, jaiak bukatu bezain azkar unerik onena delako. Agian ostean hurrengo egunetan bestelako azalpenak emango dizkizuegu gauzak sakontasunean argituz, eta nola ez, zuen galderei beti bezala erantzuteko prest.

Aste Nagusi berezia aurtengoa, beroa, oso beroa, ulertzen da ezta? Batzuk gehiago berotzen ahalegindu direnak.

Baina gure gaurko lehenengo hausnarketa modu positiboan burutu nahi dugu, modu positiboan, jaiak ondo egon direlako, oso ondo, esango genuke, parte hartze itzela, eta gure ustez inoiz baino argiago geratu delako jendarteak jaien kontuetan gutxienez, noren eta zeren alde egiten duen. Batzuk ezkutatu gura izango dute errealitate argi hau, baina jendartearen parte hartze itzela konpartsetan, beti leporaino, egun batean salbu, planto egunean salbu, noiz isiltasunak Areatza bete zuen lehenengo aldiz Aste nagusian goiz osoan eta arratsaldeko zati handian zehar. Eta plantoan gertatu zenaren inguruan utziguzue lehenengo hausnarketatxoa egiten, udalekoei zuzendutakoa: publikoki onartuko ez baduzue ere, jai erreferendumean galdu baino gehiago, oso porrot bortitza jaso duzuelako.

Aurten Aste Nagusiari toke berezi bat eman behar izan diegu. Plantoa, eguna zein ekitaldia, kolore beltza gehitzea adierazpen askatasunaren aldarri moduan, jai batzorde mistoaren degradazioaren salaketa, konpartsa zigortuei elkartasuna… Guztian, guzti guztian asmatu dugu, bete betean asmatu, itzelezko arrakasta izan da, eta konpartsok pozik esan dezakegu, berezia izan dela aurtengo aste nagusia, pozik gaude planteatutako kontu guztiak ondo atera direlako, baina ez gaitezen erratu, pozik bai, baina nahiago dugu, horrelako poztasunik hartu behar ez izatea, nahigo ditugu akordioak, eredua eta azken finean Jai ez hain beroak.

Jaien alde, ereduaren alde hitz egiteko, adosteko, biltzeko eztabaidatzeko eta gauzak konpontzeko gure prestutasun osoa mantentzen jarraitzen dugu. Eta jasan behar izan ditugunak jasanda, txupina kasu, oraindik ere gauzak konpontzeko eta bideratzeko gogoa daukagu, aurrean solaskiderik topatzen badugu, bestela deika eta deika arituko gara solaskideak behingoaz hartzen gaituen. Horregatik aurrekoan, planto egunean, udaleko erregistrotik alkateari berriro ere biltzeko eskaera luzatu diogu Alkateari, gauzak bideratzeko, bideratzeko gogorik baldin badu.

Aurtengo hausnarketarik garrantzitsuena hau da, jai ereduaren defentsa, jai eredu mistoa hitz eginez berreskuratu. Herriak jai eredu honen aldeko jarrera argia, oso argia azaldu duelako, eta ez ikusiarenak egitea ez litzatekeelako arduratsua izango.

Gaur ere jaiak desitxuratzen ibili diren politiko zein komunikabide batzuen jarreraren inguruan hausnarketa egin gura dugu. Gure informazioak eta prentsaurrekoak desagerrarazi, konpartsen arteko liskarrak bilatu, konpartsero disidenteak harrien azpietan bilatuz, eta konpartsok adostu duguna jendartean zalantzan jarriz, publikoki kriminalizatu gaituzte, merkatariak eta tabernariak presionatu ditugunaren buloa sortuz, gezurra esanez, argi baino hobeto demostratu den lez. Eta medio batzuekin gure limitea aspaldi gainditu da. Argiago esateko, El Correo Españolek publikoki barkamena eskatzen ez badigu, nahi duen formatuan, gurekin ez du izango jada, inolako erlaziorik. Herritarrak desinformatzekoak eta kazetarien objetibitatea galtzeak ere limitea du. Hain txarrak bagara zergatik hiri krosaren antolaketan lagundu adibidez? Aurten gertatutako guztiarekin hainbat hautagai eduki ditugu Bilboko Konpartsen bandera marroia jasotzeko, euren artean komunikabide hau, baina azkenik Isabel Sanchez Roblesek irabazi du.

Gaur egin gura dugun beste hausnarketa bat oso pozik gauden berrikuntza baten ingurukoa da: aurtengoa Aste Nagusirik garbiena izan da. Eta bereziki konpartsok edalontzi berrerabilgarrien inplantazioari esker. Gainera ezin ukatu pausu honek jendartean izan duen lehenengo ondorioa: guztiok ardura izatea Aste Nagusia garbiago bat lortzen!! Guztion ardura den heinean guztiok zoriontzeko aprobetxatu nahi dugu: zorionak Aste Nagusira hurbildu zareten guztioi eta konpartsokin batera jai-eremu garbiagoa lortu duzuen guztioi!! Ea posiblea den ahalik eta arinen Udaletxeko datuak lortzea goizetan beste urtetan jasotzen zen plastiko toneladen inguruan eta balantze teknikoagoa egin dezakegun.

Eta azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu, gurekin batera guri sostengua emanez, jaien alde, lanean aritu zareten guztiei, gure txosnetara hurbildu zareten guztiei, ekitaldi, txapelketa eta jolas ezberdinetan parte hartu duzuen guztiei, gurekin batera edalontzi berriekin birziklatzen aritu zareten guztioi, eta espreski Alde zaharreko merkatari eta tabernariei izandako jarreragatik, bihotzez, eskerrik asko. Irabazitako 2010ko Bilboko Konpartsen bandera urdina benetan merezi duzue!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude