KUKUTZA MAITE DUGU!!
Atzoko eguna benetan penagarria izan zen, bilboko konpartseroontzat ere. Kukutzako ateak eta bertan zeuden lagunek jasotako kolpe bakoitzean bilboko konpartsok kolpe bana jaso dugu gure bihotzetan eta ziur gaude atzoko poliziaren kargen irudi bortitzak ikustean Marijaiak ere mina sentitu duela.
Baina gure minak ez gaitu geldituko, eta Bilbotar, Bizkaitar eta Euskal Herriko herritar askok bezala Kukutza defendatzeko deialdia egiten dugu. Konpartsontzat Kukutza ez da lokal soil bat, ez da orube soil bat, etxebizitza garestiak eraikitzeko esparru soil bat, konpartsontzat Kukutza auzo baten eta kasu honetan Bilboko bizitza kultural eta soziala bultzatzeko tresna baliagarria da. Auzokideen tresna, gazteen tresna, konpartsen tresna, Bilbon egun ezinbestekoa zaigun tresna.
Atzoko erasoa neurrigabea iruditzen zaigu, neurrigabea eta onartezina. Deialdi berezia egiten dugu gaurko honetan Bilboko Udalean hausnarketa egin dezaten eta hartutako erabakia berraztertu dezaten. Errekaldek Kukutza behar du, Bilbok Kukutza behar du. Deialdi berezia egiten dugu parte hartzeko Kukutzaren defentsan antolatzen diren ekimen guztietan: Kukutza ikutu bez!