“Edalontzien berrerabilpena 2.0” esperientzia pilotua jarriko dugu martxan aurtengo Aste Nagusian

edalontzi-berrerabilgarriak

Bilboko Konpartsetatik beste urrats bat egingo da edalontzi berrerabilgarriaren ereduan, eta esperientzia pilotu bat abiatuko du erabilitako edalontziak jaso eta higienizazio industriala egiteko. Hala, Aste Nagusiaren ingurumen-inpaktua gutxitu nahi da. “Edalontzien berrerabilpenaren 2.0 bertsioa” izendatu duten esperientzia Aste Nagusiko asteazkenean abiatuko da, eta ostiralera bitartean luzatuko da. Aurtengo helburua izango da edalontzi berrerabilgarrien eredu berrian oraindik ere sortzen diren hondakinen dimentsioa kuantifikatzea eta datuak jasotzea, datorren urterako esperientzia eskala handian abiatzeko.

2010ean, Bilboko Konpartsetatik apustu handia egin zen behin erabili eta botatzekoa zen edalontzitik edalontzi berrerabilgarrira salto egiteko aldaketarekin. Konpartsen federakundetik egiten den balorazioa oso positiboa da, jai-eremuaren garbitasuna izugarri handitu delako, petrolioaren eta halako lehengai ez berriztagarrien kontsumoa gutxitzea ekarri duelako batetik, eta sortutako hondakinen kopurua oso modu nabarmenean gutxitu delako, bestetik. “Sei urte atzera begira jarrita, oso argiak dira edalontzi berrerabilgarriaren eredura salto egitearen onurak. Benetan pozik gaude”, adierazi dute Konpartsetatik.

Hori guzti hori akuilua izan da urrats bat gehiago egiteko, eta kontsumo arduratsuaren aldeko lan-lerro honetan ere apustua egiten jarraitzeko. Eta 2016 honetarako lurrera botatzen diren edalontzi berrerabilgarriak jasotzeko esperientzia pilotua jarriko dute martxan, higienizazio industriala baten ondoren datorren urtean edalontzi horiek berriro ere erabiltzeko moduan jarri ahal izateko. Horri deitu diote “Edalontzien berrerabilpenaren 2.0 bertsioa”.

Adierazi dutenaren arabera, “esperientzia pilotua deritzogu, gure aurtengo helburua datuak jasotzea delako”. Hain zuzen ere, lurrera botatzen diren eta berriro erabiltzeko modukoak diren edalontzien kopuruen datuak jaso nahi dituzte, eta zerbitzuaren beraren arazo tekniko eta logistikoez jabetu nahi dute. Horretarako, hamar pertsona inguruko lantalde bat egongo da edalontziak jasotzen aurtengo Aste Nagusiko asteazken, ostegun eta ostiraleko gabetan, goizaldeko 5’00etatik 7’00ak bitartean. Konpartsetatik hiru egun horietan 12.000 edalontzi inguru jasotzea espero dute.

Informazio adierazgarria espero dute esperientzia pilotu honetatik, hala, datorren urterako zer bilketa-sistema diseinatu ahalko duten ikusteko. Horrez gain, jakina, aurtengo esperientzian ere milaka edalontzi bilduko dituzte, eta datorren urtean garantia higieniko guztiekin jarriko dira berriro ere erabiltzeko moduan.

Urrats horrekin Bilboko Konpartsetatik duela sei urte heldu zioten erronka handiari beste buelta bat emango diote Aste Nagusi jasangarriago eta jai-eremu garbiago baten mesedetan, eta datorren urterako aurrelana eginez.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude