2019ko egutegiak salduz lortutako dirua eta San Tomas egunean zozkatutako saskia banatu ditugu

Egutegi-salmentan lortutako dirua San Frantziskoko Hiri Ortuari eman zaio aurten, auzotarrak naturara hurbildu, nekazaritzaren pedagogia egin, elikadura osasungarria sustatu eta ortua auzokideen topagunea bilakatzeagatik. San Tomas egunean zozkatu zen hemengo produktuz hornitutako saskia Aitor Blanco Bilbaoren kuadrillari suertatu zaio, haiek erosi baitzuten 1480 zenbakidun txartela zekarren egutegia.

Adiskidetasun giro politean eta jan-edanaren epelean banatu dugu Bilboko Konpartsok San Tomas egunean zozkatutako otzara ederra eta egutegien salmentan lortutako dirua.

Aitor Blanco Bilbaoren kuadrillak erositako egutegiak zekarren aurten San Tomas eguneko zozketan saritutako 1480 zenbakia. Orain dela urte bi Bilboko Konpartsen ekarpena jaso zuen LaboreBilbo kontsumo-elkarteari hartutako ortuariak, Basatxerriko txerrikiak eta bidezko Merkataritzako produktuz beteriko saskia “kuadrillan afari ederra egiteko” probestuko dutela aitortu digu sarituak. Zorionak eta on egin!

Horrez gain, eta urtero legez, bertoko nekazaritza edota abeltzaintzarekin harremana duen proiektu bati eman zaio egutegien salmentarekin lortutako dirua. 2019ko egutegien salmentatik lortutako dirua, hau da, 1.096,50 euroak, San Frantziskoko Hiri Ortuari helaraztea erabaki dugu. Proiektu horrek Bilboko bihotzean dagoen auzoan hainbat balio eta jarduera sustatzen ditu: herritarrak naturara hurbildu, nekazaritzaren pedagogia egin eta elikadura osasungarria bultzatzeko asmoz, ortua auzokideen topagunea bilakatuta. Konpartsen ordezkarien hitzetan “zinez aberasgarria izan da guretzat guztiontzat bestelako jendarte-eredu baten alde lanean diharduten kideekin arratsaldea igaro eta euren proiektuaren berri lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izatea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude