Jaigunea aurkezteko Udal Txango Free Munipa Tourra egin dugu Bilboko Konpartsok

Aste Nagusia hasi berri dela, Bilboko Konpartsetatik “Free Munipa Tourra” egin dugu jaigunean zehar, Udaltzaingoaren gehiegizko presentzia salatzeko kalejira parodikoa.

Jai-eremua distentsio-gunea eta aldarte onaren isla izatea nahi dugula adierazi dugu konpartsok behin baino gehiagotan, Udalak segurtasunari dagokionez abiatutako bidearekiko erabateko desadostasuna adierazita. Hala, atzo arratsaldean “Free Munipa Tourraren” bidez, jaigunearen sekretuak, historia, jatorria, sen ona eta abar azaldu die “gidari turistiko” batek munipa helduberri talde bati, giroaz ondo jabetu daitezen eta haien aurpegi goibelak alaitu daitezen.

Ez dugu bat egiten Udalaren segurtasun-diskurtsoarekin ezta iaz ikusi genituen dispositibo polizial hain ugari eta omnipresenteekin; segurtasuna ez da bermatzen jai-gunea poliziaz josiz, dispositibo beltz, fosforito eta kopetilunak ez dio jai-giroari mesede egiten. Jai-giroan eragin negatiboa dauka, jendearengan ezinegona ere sorrarazten du. Hala, jaietako espazioa eta giroa zaintzeko bestelako bideetan sakontzeko beharra azpimarratzen dugu, eta denon arteko gizarte-lan sakonagoa behar dela. Arlo horretan elkarlanerako prest gaude.

Sarrera guztietan eta eremu osoan, uniformedun polizia-talde handiak dabiltza, atzera eta aurrera. Jarrera ere, gogorra darabilte kale-saltzaileen, lehiaketa gastronomikoko parte-hartzaileen edo konpartsakideen aurrean, jaiei dagozkien jarrera lasai eta alaia izan beharrean.

Jai eremua konpartsen eremua da, eta guk distentsio-gunea izan dadin nahi dugu, aldarte onarena, ezaguna da konpartsakideok inplikaturik gaudela gure eremuaren zaintzan eta hala izaten jarraituko du, betiere jai-giroa zaintzeko.

Alkatea Aste Nagusian sekurokrazia aldarrikatzen eta ezartzen ari da. Uste genuen Aburtok eta bere alderdiak hainbatetan aldarrikatu duten moduan, ‘jaietan jai’ goiburua zela euren ildoa; populismorik gabe.

Dantza, kirola, kultura, algararako… tartea dira jaiak. Hala izan dadila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude