Bilboko Konpartsen komunikatua azken eraso sexisten aurrean

Aste Nagusiko gau hauetan gertatutako emakumeon aurkako eraso fisiko eta sexu-eraso saiakeren aurrean, Bilboko Konpartsok erasoen aurkako protokoloa aktibatu dugu, sexu-eraso eta eraso fisikoei erantzuteko. Elkarretaratzean, honako komunikatua irakurri dute Bilboko Konpartsen ordezkariek:
Gaur elkarretaratu gara jaietan egin dituzten hainbat eraso salatzeko; horien berri izan dugu konpartsakideen, Berdintasun Sailaren eta komunikabideen bitartez.Kasu batzuk sexu-eraso saioak izan dira, horien lekukoak izan diren hainbat pertsonek esku hartu eta gerarazi dituztelako. Halere, salatu nahi dugu onartezina dela emakumeok, emakumeok izateagatik, ezin ibiltzea libre eta seguru gure hiriko kaleetatik.

Gainera, modu berean izan dugu beste emakume biren aurkako eraso banaren berri, kasu horietan fisikoak, konpartsakide batzuen esku hartzeari esker eten direnak. Azpimarratu gura dugu pertsona horien jarrera kementsua, erasoren bat sumatu dutenean ez dutelako beste albo batera begiratu baizik eta inplikatu dira bitartekaritza eginez. Kontrara, haserre gaude, sumin, pertsona batzuek erabili duten bortxakeriagatik, grinatzeraino; adibidez erasotutako andrearen defentsan atera zen emakumea ere kolpatzeraino.

Herritar denak animatzen ditugu jarrai daitezen erantzunkidetasunez ardurak hartzen, bortxakeria patriarkaleko forma guztiak desagerrazteko borrokan.

Eta bereziki animatzen ditugu emakume denak, autodefentsa feministatik errebeldiaz ahaldundu eta armatzen segi gaitezen.

Ez ditugu gure jaietan nahi izutu, jazarri, hertsatu eta erasotzen dutenak; ez ditugu erasotzaileak nahi, gure jaietatik nahierara ibiltzen, inpunitatez. Aldarrikatzen dugu Aste Nagusia gozatzea, bortxakeriarik eta edozein moduko eraso sexistarik gabe. Emakume izate hutsak utz diezaiola arrisku-faktorea izateari jendarte honetan.

Aldarrikatzen dugu ere gure jaiak lekua izan daitezela pertsona guztientzat edozein izanda euren jatorria, sexua, generoa edo sexu-identitatea.

Erasotzailerik gabeko Aste Nagusi baten alde.

Kalea, gaua eta Aste Nagusia gureak dira!

Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude