Jipoi-banaketa neurrigabea salatzen dugu Bilboko Konpartsetatik

Aste Nagusiko bosgarren eguneko iluntzean gertatutako polizia-jazarpena salatu da Bilboko Konpartsetatik; gertakarien aurrean “kezka eta desadostasun irmoa” adierazi dugu eta berresten dugu jai-eremu seguru bat bermatzeko “oso bestelako bideak” daudela. Eskuhartze bortitza eta neurrigabea egin zuten atzo ertzainek eta udaltzainek salmenta ibiltarian zeuden saltzaileen, eta, orobat, jai-giroan zegoen jendearen artean. Bestalde, Mozal Legea egotzita atxilotutako konpartsakidearen kasurako ere, udaltzainek erakutsitako biolentzia eta erreakzioa onartzezinak dira. Jipoiak dira Udalak sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa.

Bilboko Konpartsek kezka eta desadostasun irmoa azaltzen dugu bart gertatutako bi gertakariren aurrean. Alde batetik, mantero batzuei materiala kentzera joateko garaian erabilitako jarrera bortitzak eta gogorrak salatzen ditugu konpartsok. Herritarrek, egoera ikusita, giroa lasaitzeko egindako ahaleginaren aurrean, ertzainek borrak atera zituztela eta jendearen aurka kolpeka hasi zirela deskribatu dute han izandakoek, eta zaurituak ere eragin zituztela. Bestalde, bere argazki-kamararekin zebilen konpartsakide bati telefonoa kendu nahi eta haren ezezkoaren aurrean, jipoitu, arrastaka eroan eta lurrean zegoela eskuburdinak jarri zizkioten. Konpartsakideak hemeretzi ordu igaro ditu atxilotuta, informazioa ukatu zaio harengatik galdezka hurbildu ziren lagun eta hurbilekoei, eta konpartsakidea ikusteko aukera izan dutenean, kontusio ugariak dituela ikusi dute.

Bilboko Konpartsetatik jendartearen erantzuna txalotzen dugu, uneoro distentsioa eta aldarte ona zaintzeko jarrera. Juan Mari Aburto alkatearen eta Amaia Arregi segurtasun zinegotziaren aginduak segitu dituzten udaltzainen aldetik, ostera, jarrera erasokor, biolento, gogor eta neurrigabea onartezina dela azpimarratzen dugu. Udalaren segurtasun-politikarekin erabateko desadostasuna agertu da Bilboko Konpartsetatik, jakina denez, eta, horrez gain, ustezko segurtasun hori bermatzeko erabiltzen diren jarrerak eta ekintzak Udalari eskuetatik ihes egin die. Jipoiak dira Udalak sekurokraziaren alde egindako apustuaren ondorioa.

Guztiontzako Aste Nagusiaren aldeko aldarria egin nahi dugu konpartsetatik, arrazakeriaren kontra, prekarietatearen kriminalizazioaren kontra, nagusikeriaren kontra eta jarrera harroputz eta eskubideen zapaltzaileen kontra. Gehiegizko poliziaren presentziaren salaketen aurrean errepresaliak piztu ote den susmoa hartu diofu, eta guztiaren gainetik giza-eskubideei errespetua, sen ona eta zaintza aldarrikatu nahi dugu.

Jai eremua konpartsen eremua da, eta guk distentsio-gunea izan dadin nahi dugu, aldarte onarena; ezaguna da konpartsakideok inplikaturik gaudela gure eremuaren zaintzan eta hala izaten jarraituko du.

Alkatea Aste Nagusian sekurokrazia aldarrikatzen eta ezartzen ari da. Uste genuen Aburtok eta bere alderdiak hainbatetan aldarrikatu duten moduan, ‘jaietan jai’ goiburua zela euren ildoa; populismorik gabe.

Dantza, kirola, kultura, algararako… tartea dira jaiak. Hala izan dadila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude