Barco, Echevarria, Gómez eta Bih irabazi dute Aste Nagusiko XXIII Hiri Krosa

Bilbo, 2019/08/23

Laura Barco Martín eta Ivan Echevarria Guzman atletek irabazi dute kirol egokituaren kategoria Aste Nagusiko XXIII Hiri Krosean. Senior kategorian, podiumeko goiko aldera igo dira Natalia Gómez Ruiz barakaldarra, 2017ko irabazlea, eta Yassine Bih marokoarra. Magrebtarra erabateko ezustekoa izan da, azkenetariko atleta izan baitzen parte-hartzea baieztatzen.

Bilboko Konpartsek Hiri Krosaren XXIII. edizioa antolatu dute gaur Aste Nagusiko egun handian. Asfaltoaren gaineko lasterketa herrikoi eta federatua da, 2.000 parte-hartzaile dituena. Antolatzaileek azpimarratu dute lasterketaren arrakasta, urtero-urtero “dortsalak aste batean baino gutxiagoan amaitzen baitira”, eta nabarmendu dute “publikoak ibilbide osoa bete egin duela, tenperatura altuak izan arren”: Halere, gogorarazi dute arauengatik ezin dutela lasterkari gehiago hartu, “gustatuko litzaigukeen arren”.

Kirol egokituko kategorian, Laura Barco Martín bilbotarrak berriro ere berak bakarrik zeharkatu du ibilbidea, Bilboko Konpartsak datozen urteetarako zuzendu nahi duen kontua: “atleta da eta lehiatu nahi du, besteek bezala”. Gizonezkoen atalean, Medellingo Ivan Echevarriak ere badaki zer den Hiri Kroseko txapela janztea; berak bai izan du aukera lehiatzeko, beste 7 atletekin batera. Podiumean lagundu diote Abdallah Benlansan eta Zouhair Elhanime.

Senior proban, asfaltozko sei kilometroan norgehiagoka handia izan da. Hala, Natalia Gómezek aurrea hartu die Arantza Álvarezi (Arrigorriaga) eta Andrea Medierori (Portugalete). Inork ez du hobetu Irene Lozano atletak iaz ezarri zuen probaren marka onena: 20.29.

Gizonezkoetan, Yassine Bih-k arerio nagusi legez izan ditu Ismail Razga, faboritoetako bat, eta Santanderreko Diego Cuadrado. Cuadrado, iazko irabazlea, hirugarren sailkatu da, baina eutsi zion iaz lortutako probaren markari (18.25), segundo batengatik bada ere.

Gainera, beste bederatzi kategorietako lasterkariek ospatu dituzte euren emaitzak, “maskarez, mozorroz eta umore onez betetako ibilbidean, garrantzitsuena parte hartzea baitzen”, Bilboko Konpartsek gogorarazi dutenez.

Bea Sever pregoilariak eta Itsasne Nuñez txupinerak banatu dituzte sariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude