2024ko Bilboko Aratusteen egitaraua

2024ko Bilboko Aratusteak otsailaren 3tik 13ra ospatuko dira, adin eta gustu guztietarako proposamenak batuz. Kopla Txikien Lehiaketaren IX. edizioarekin hasiko gara, otsailaren 3an, larunbatean. Aratuste Astean, otsailaren 8an (osteguna) iazko eta aurtengo Farolin eta Zaranbolasen arteko maskara trukea egingo da, eta ondoren Zazpikaleetan barnako kalejiran abiatuko gara denok. Otsailaren 9an, ostiralarekin, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta ondoko epaiketa izango dugu Plaza Barrian, euren eskarnioa girotuko duen ikuskizun itzelarekin. Otsailaren 10a, larunbata, egun potoloa izango da botxoan, Aratuste Zapatua, egun osoan ekimenez betetako egitarauarekin, eta Mozorro Lehiaketa ekitaldi nagusitzat izango duena. Biharamunean, Torrada eta Indaba lehiaketak izango ditugu Plaza Barrian eta, asteartean, otsailaren 13an, Sardinaren Hiletak amaiera emango die Bilboko Aratusteei.

Bidebarrietako liburutegian urtarrilaren 26an Jai Batzorde Mistoak egin zuen 2024ko Bilboko Aratusteen aurkezpena irakur dezakezu hemen. Aurten proposatutako gaia LITERATURA izango da, zentzu zabalean. Beraz, ekin irudimenari! Aratusteek arrakasta izan dezaten guztion parte hartzea ezinbestekoa izango da. Beraz, hona hemen gure deialdia:

Mozorrotu eta disfrutatu Bilboko Aratusteetan!
Eguraldi txarra, izurrite eta guden gainetik,
GORA BILBOKO ARATUSTEAK!

 

Aratusteen egitarauaren liburuxka:

 

Liburuxka PDF moduan deskargatzeko sakatu hemen.

ARATUSTEAK 2024

2024ko Aratuste egitaraua aurkeztu dugu. Aurtengo gaia LITERATURA izango da. Eskuratu hemen PDF formatuan egitarau osoa.