Literaturaz jantziko dira Bilboko 2024ko Aratusteak

Lutxo Egia (Farolín) eta Jasone Akizu (Zaranbolas), atzean Jai Batzorde Mistoko kideak dituztela (erabilera librea).

Aurtengo Bilboko Aratusteak aurkeztu ditu gaur Bilboko Jai Batzorde Mistoak Bidebarrietako liburutegian. Batzordeko presidente Itziar Urtasunek aurtengo Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak aurkeztu ditu lehenik, Lutxo Egia eta Jasone Akizu, hurrenez hurren. Beraiek izan dira, ondoren, egunez egun Udalak eta Bilboko Konpartsek prestatu duten egitaraua aletu dutenak. Literatura proposatu diete bilbotarrei mozorrotzeko gaitzat, Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuak 60 urte beteko dituen urtean. Bilboko Konpartsen ordezkari Idoia Ugaldek gogoratu du aurten, beste urteurren batzuk ere badirela, Bilboko aratusteei dagozkionak: 45 urte dira konpartsek aratusteak berreskuratu zituztenetik, 40 urte Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak agertu zirenetik eta 25 urte “Orden Botxera” edo Botxotar Ordena, Farolin eta Zaranbolas izandakoen bilkura, eratu zenetik.

Programa osorik deskargatu PDF formatuan.

Urtasunen esanetan, aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek, biek ala biek, “ederto ordezkatzen dute euskal kultura, Bilbokoa bereziki, bakoitza bere eremutik”, izan ere, Lutxo Egia idazlea Zazpikaleetako BIRA kultura gunearen sustatzailea dugu eta urte luzez Durangoko Azokako “Ahotsenea” sortzaileen gunearen kudeatzailea izan da. Jasone Akizu, bestalde, Bilbao Musikako txistu irakaslea ez ezik, Bizkaiko Txistularien elkarteko kidea dugu. Beraiek izan dira, egunez egun, Aratusteetan izango dugun programazioa aurreratu digutenak, performance txiki bat egin ondoren.

Ohi bezala, aurreko larunbateko Kopla Txikien Lehiaketarekin abiatuko dira aratuste-ekimenak. Otsailaren 3an, larunbatean, Kafe Antzokian ospatuko da taldekako bertso umoretsu ironiko eta irudimentsuen erronka honen IX. edizioa eta, ondoren, kontzertua egongo da, Afrika Bibang eta The Cherry Boppers-ekin. Kopla txikietarako izen-ematea zabalik dago oraindik, igande honetara arte, urtarrilaren 28ra arte, alegia.

Otsailaren 8an, ostegun arratsaldeko kalejirak, Farolin eta Zaranbolas ezagutzera emango ditu, aurten, Lutxo eta Jasone, alegia. Aratusteetako bi pertsonaia ikoniko horiek ostegun eta ostiraleko protagonistak izango dira. Osteguneko kalejira, beraz, Arriagatik abiatuko da 18:30ean, eta Plaza Barrian maskara trukea egingo dute 19:30ean, iazko eta aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek. Horrela, Ylenia Bagliettoren eta Lander Otaolaren eskutik jasoko dute lekukoa eta, ondoren, kalejira egingo dute, 20:00etan Unamuno plazatik abiatuta.

Hurrengo egunean, ostiralean, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa ikusi ahal izango dugu Arriagan, 18:30ean, eta, hiru ordu laurden geroago, pertsonaia horien epaiketa, Plaza Barrian. Adi egon bertan egingo den antzezpenari. Izan ere, iazko musikalaren arrakastaren ondoren, aurten mailari eutsi eta koxka bat gorago igotzeko asmoa dute. Antzerkilari eta konpartsakideen artean prestatzen ari dira, Farolinen esanetan “aho zabalik utziko gaituen ikuskizuna”.

Horren ostean, Aratuste Zapatua etorriko zaigu otsailaren 10ean. Mozorroen kalejira, beti legez, plater nagusia izango da baina eguerdiari erreparatu nahi izan diote antolatzaileek, “agian jendeak ez baitu hainbeste ezagutzen”. Aratuste Zapatu eguerdian, 12:00etatik aurrera, Zabalgunean gauza asko egongo dira: Bilboko gaiteroak, Ardoa Barrura fanfarria, Swing tailerra Biofussion & Aitor Garcíarekin, Gure Lurreko Merkatua (baserriko produktuak), 13:00etan Bilbao Lindy Band! (kontzertua) Plaza Biribileko eszenatokian, eta Zirkozaurre antzerkia egongo da Kale Nagusian.

Aurten, iaz bezala, bi mozorro lehiaketa izango dira: banakakoena eta taldeena, jende guztiaren parte-hartzea bermatze aldera. Goiza banakako lehiaketarekin hasiko da (izena gorabehera, hiru kide arteko taldeak dira). Horretarako izen emateak 12:00 eta 12:15 bitartean izango dira Kale Nagusian, Berastegirekiko izkina ondoan. Bertan photocall bat egongo da gero, epaimahai batekin, eta bertatik igaro beharko dira lehiakideak, 12:15etik 14:30era.

Taldekako lehiaketarako izen emateak 16:00 eta 16:30 bitartean izango dira, Portuko Markesaren kalean, eta mozorroen kalejira, beti bezala, 17:00etan abiatuko da bertatik. Sari banaketa Plaza Barrian izango da 20:30ean eta giro ezin hobean, eta, ondoren, kaosean murgilduko gara bilbotarrok.

Biharamunean, igande goizean, erraldoi eta buruhandiek berriro alaituko dute giroa Arriaga plazan eta Alde Zaharrean, eta Plaza Barrian lehiaketa gastronomikoak izango dira. Esnatzen goiztiarrenek Aratusteetako indaba eta torrada lehiaketetan hartu ahal izango dute parte. Izen-emateak 10:45ean zabalduko dira, eta ogiz egindako lau torrada goxoenak aurkeztu dituztenek, euren saria jasoko dute 12:00etan. Ondoren, pontxea banatuko da eta gero indaba lehiaketa izango da. Kazolak 13:30ean aurkezten hasiko dira, eta sari-banaketa 14:30ean izango da. Arratsaldean, hainbat euskal dantzaren erakustaldia izango da Plaza Barriko karpan, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik.

Astelehen eta astearte goizetan Bilboko Udal Banda eta Txistulari Banda izango dira protagonista, familian gozatzeko bi kontzertu eskainiz. Eta, azkenik, astearte iluntzean, otsailaren 13an, agur esango diogu Aratusteari, sardinaren erreketarekin. Plaza Barrian hasiko gara, beltzez jantzita, prozesioa prestatzen eta gero Arriagaraino joango gara, bertan su emango baitiogu sardinari 20:00etan.

Amaitzeko, Bilbotar oro parte hartzera gonbidatu dute Egiak eta Akizuk, bai mozorro lehiaketan (izan banaka, edo taldeka) bai domekako torrada eta indaba lehiaketetan. “Horrela, makil eta mailu kolpez, koplaz kopla, torradaz torrada eta maskaraz maskara, Bilboko Aratusteak egingo ditugu guztion artean”, gehitu dute.

Aurten Jai Batzorde Mistotik Bilboko Aratusteetarako proposatutako gaia literatura denez, Farolinek eta Zaranbolasek “inoizko Aratusterik sortzaileenak izan ditzagun” opa diete bilbotarrei, kopla txikietatik hasi eta sardinaren erreketara arte, baina ez soilik munduko literaturaren klasikoak mozorroetara ekartzeko. “Gure Bilboko Aratusteetan balioa eman nahi diegu bertako literatur-lanei, eta, noski, emakumeek, migratzaileek eta zapaldutako beste kolektibo batzuek idatzitako lanei”.

Jasone Akizu, Itziar Urtasun eta Lutxo Egia aurtengo Aratusteak iragartzen dituen kartelarekin, Bilboko Jai Batzorde Mistoko ordezkariak inguratuta (erabilera librea).

Bukatzeko, Bilboko Konpartsen izenean mintzatu den Idoia Ugaldek azaldu duenez, Arestiren “Harri eta herri” ez ezik, “urteurren gehiago ere izango dira aurten, Bilboko aratusteei dagozkionak: 45 urte aratusteak berreskuratu genituenetik, 40 urte Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak agertu zirenetik eta 25 urte “Orden Botxera” edo Botxotar Ordena, Farolin eta Zaranbolas izandakoen bilkura, eratu zenetik”.

Farolin eta Zaranbolasekin batera egun hauetan antzerki, jolas, bazkari eta musikari esker egongo den “giro ona” aipatu du Ugaldek besteak beste. Baina, gogoratu du “aurretik diogu edozein eraso arrazista, LGTBIQ+fobiko, matxista eta kapazitista gaitzetsia izango dela ezein espaziotan, eta aurrean aurkituko gaituela erasotzaileak. Mozorrotzea ariketa eder eta dibertigarria izan dadin, izan dezagun kontutan mozorro iraingarriak ez direla ez eder ezta dibertigarri ere, gozatu dezagun elkarrekin inor erasotu gabe”, gehitu du. Bukatzeko, mozorrotzeko deia egin du konpartsen federazioko kideak: “Literatura sormena, pertsonaia eta leku harrigarriak, idazleak, liburuak eurak… hau guztia eta beste hainbat kontu dira, eragin diezaiogun buruari!”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude